Katalunia

Junquerasek eta Romevak salatu dute epaiketa bidegabea izango dutela

La Vanguardia egunkarira bidalitako gutun batean, salatu dute epaiketa politikoa izango dela. Herritarrei "gizalegezko jokabidea" izateko eskatu diete.

Oriol Junqueras eta Raul Romeva prentsaurreko batean.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 6a
15:05
Entzun

Aurtengo udazkenean epaituko dituzte Kataluniako prozesu subiranistari buruzko auzian auzipetutako buruzagi independentistak. Epaituko dituztenen artean daude Oriol Junqueras, Generalitateko presidenteorde ohia, eta Raul Romeva, Atzerri Gaietarako kontseilari ohia; biak ere Espainiako Gobernuak kargutik kenduak. Epaiketa bidegabea izango dutela salatu dute La Vanguardia-ra bidalitako iritzi artikuluan. Matxinadaz, sedizioaz eta dirua bidegabe erabiltzeaz daude akusatua, eta egun Lledoners-ko (Bartzelona, Katalunia) espetxean daude preso,

Udazkenean epaiketa "politikoa" izango dutela salatu dute Junquerasek eta Romevasek: "Egin ez ditugun delitu batzuez akusatuta gaude, erabili ez dugun biolentzia oinarrituta. Epaiketa politikoa izango da, demokraziarentzako lotsagarria, eskubideak eta askatasunak atzera egiten ari diren honetan".  

Ohartarazi dute ezen epaiketan, beraiek ez ezik, boza eman zuten milioika herritar epaituko dituztela: "Ez gaituzte gu epaituko. Bozkatu nahi zuten milioika kataluniar epaituko dituzte. Zaila jarriko diegu: ilusioz eta arrazoinamenduz beteta aurkituko gaituzte, bizikidetza eta justizia sozialaren aldeko mezuekin".

Gertatzen dena gertatzen dela, herritarrei "gizalegezko jokabidea" izateko eta gorroto mezurik ez zabaltzeko eskatu diete kontseilari kargugabetuek espetxetik bidalitako gutunean. Ez dutela etsiko adieraziz bukatu dute eskutitza: "Askatasunaren prezioa espetxealdi luzea bada, onartuko dugu. Gure espetxaldiko egun bakoitzak lotsagarria izan behar luke bere burua ereduzko demokraziatzat jotzen duen estatu batentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.