Lan gatazka

Bertan behera geratu da Gipuzkoako sorosleen greba

Langileak subrogatzea eta haien lan baldintzak hobetzea hitzartu dute Gurutze Gorriarekin eta kostaldeko udalekin.  

Bertan behera geratu da sorosleek gaur hastekoa zuten greba. IDOIA ZABALETA, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko abuztuaren 15a
07:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Langileek berretsi egin dute ELA sindikatuak Gurutze Gorriarekin eta Gipuzkoako kostaldeko udalekin adostutako hitzarmena. Hala, bertan behera utzi dituzte gaur hasi eta uda amaiera arte egitekoa zuten greba.

Adostutakoaren arabera, subrogatu egingo dituzte proba fisikoak gainditzen dituzten langileak, eta lanean daramaten denboraren araberako antzinatasun plusa kobratuko dute laugarren urtetik aurrera. Udalek, berriz, konpromisoa hartu dute adostutako puntu guztiak lan hitzarmenean jasotzeko.

Horretaz gainera, sorosle lanetan aritzen diren lehen urtean hilero 200 euro igoko zaie soldata, eta 400 euro bigarren urtean. Izan ere, hori zen langileen eskaeretako bat, alegia, soldatak igerilekuetako sorosleenekin parekatzea —1.000 euro inguru kobratzen dute hondartzetako sorosleek, eta 1.500 eta 1.600 euro artean, berriz, igerilekuetakoek—.

ELA sindikatuak ontzat eman du akordioa, baina gaitzetsi egin ditu aurreko hilabetean egindako lanuzteetan Jaurlaritzak ezarritako gutxiengo zerbitzuak, %80koak. "Eusko Jaurlaritzak greba eskubidea urratzea izan du helburu aisia, oporrak eta turismoa oinarrizko eskubide baten gainetik jarriz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.