Donostiako 66. Zinemaldia

Beste sei izen gehitu dira Urrezko Maskorra lortzeko lehiara

Louis Garrel, Liu Jie, Brillante Mendoza, Tuva Novotny, Peter Strickland eta Felix Van Groeningen zinemagileen azken lanak erakutsiko ditu Donostiako 66. Zinemaldiak Sail Ofizialean. Horiek gehituta, jakinarazi dituzte jada Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren hemezortzi pelikulak.

Liu Jieren 'Bao bei er / Baby' filmeko fotograma bat.
itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 17a
14:00
Entzun

Irailaren 21ean hasiko da aurten Zinemaldia, eta data gerturatu ahala, sailez sail programazioa osatuko duten pelikulen zerrenda ixten doa jaialdia. Hala, Urrezko Maskorra lortzeko beste sei hautagairen berri eman du gaur goizean: Louis Garrel aktore eta errealizadore frantsesak L homme fidèle bere bigarren film luzea aurkeztuko du; Liu Jie txinatarra Bao bei er/Baby lanarekin lehiatuko da, 19 urteko gazte baten istorioa kontatzen duen filma; Brillante Mendoza filipinarra lehen aldiz ariko da Sail Ofizialeko lehian Alpha, the Right to Kill lanarekin —iaz Zuzendari Berriak sailean hartu zuen parte Mendozak—; Tuva Novotny aktore suediarrak berak zuzendu duen Blind Spot lehen lana erakutsiko du; Peter Stricklandek In Fabric bere laugarren film luzea aurkeztuko du; eta, azkenik, Felix Van Groeningenek Beautiful Boy ingelesez filmatu duen aurreneko lana erakutsiko du, semea drogetatik atera nahi duen aita baten borroka kontatzen duena.

Sei lan horiekin, jaialdiak itxi du jada Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diren hemezortzi filmen zerrenda. Hauek dira aurrez jakinarazi zituzten izenak: Iciar Bollain, Claire Denis, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Isaki Lacuesta, Benjamin Naishtat, Valeria Sarmiento, Rodrigo Sorogoyen, Markus Schleinzer, Juan Vera eta Carlos Vermut. Amaierako filma jakitea bakarrik falta da, eta datozen asteetan jakinaraziko du jaialdiak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.