Memoria Historikoa

Nafarroako Gobernuak 36ko kolpe militarreko biktimak omenduko ditu irailaren 15ean Sartagudan

Bereziki gogoan izango dituzte 1978an, deshobiratze goiztiarretan aritu ziren familiak.

Sartagudan, iaz, 36ko errepresaliatuei egindako omenaldiaren une bat./
Sartagudan, iaz, 36ko errepresaliatuei egindako omenaldiaren une bat./ Idoia Zabaleta/Foku

Berria -

2018ko abuztuak 24

Eguerdiko hamabietan hasita, Nafarroako Gobernuak 1936ko kolpe militarreko biktimak omenduko ditu Sartagudako (Nafarroa) memoriaren parkean irailaren 15ean. Hantxe izango da Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria. Omenaldia inklusiboa izatea nahi du gobernuak, horregatik 1936ko biktimez gain, memoria historikoaren gaia lantzen ari diren elkarteak ere gonbidatu dituzte omenaldira.

Aurten, gainera, bereziki gogoan izango dituzte hobitik ateratze goiztiarretan aritu ziren familiak. 1978an hasita, Nafarroako hainbat familia beraien senitartekoak lurpetik ateratzeko lanetan ibili ziren. Gobernuak adierazi duenez, “zarata askorik egin” gabe eta “baldintza txarretan” Franco hil eta berehala hasi ziren gorpuzkiak berreskuratzeko lanetan. Denera kolpe militarraren ondorioz hildako 2.000 pertsonen hezurrak atera zituzten 1978. eta 1980. urteen artean.

Azken urteetan, Nafarroako Gobernuaren gidaritzapean 1936ko kolpe miltarraren ondoren hildako eta desagertutakoen gorpuak lurretik ateratzen ari dira. Horretarako Aranzadi zientza elkartearekin hitzarmena egin du gobernuak. Dagoeneko 74 errepresaliatuen hezurrak atera dituzte lurpetik, azken biak aurreko astean Artaizen.