Hilberria

Josep Fontana historialari katalana hil da

Azken 50 urteetan Katalunian gehien eragin duen historialaria izan da.

Josep Fontana, 2013ko abenduko argazkian. TONI GARRIGA, EFE
2018ko abuztuaren 28a
15:42
Entzun

"Gorria" eta "katalanista". Halakotzat jotzen zuen bere burua Josep Fontana historialari katalanak. Azken hamarkadetan Katalunian gehien eragin duen historialaria izan da, eta gaur askok goraipatu dute, haren heriotzaren berri izan ondoren, hark egindako lana eta erakutsitako konpromisoa. Fontana gaur hil da, 86 urterekin.

Frankismoaren kontrako borrokalaria izan zen, eta oso kritiko jokatu zuen Espainako Gobernuak Katalunian azken urteetan egin duen politikarekin ere. Haren hitzetan, horrek erakusten du Madrilen Kataluniaz dagoen ezjakintasuna. Iazko urriaren 1eko erreferendumean botoa eman zuen: argudiatzen zuen hori zela modurik onena jendeak zer pentsatzen duen jakiteko, eta "negoziazio bideak aurkitzeko" abiapuntu bat zela. Independentzia, hala ere, gaur-gaurkoz, ezinezkoa dela zioen. "Ez dut esaten hau zintzoen eta gaiztoen arteko borroka bat denik, baina ziurrenik guztiok galduko dugun borroka bat izango da", esan zuen. Harentzat, ezinbestekoa zen autogobernurako tresnak berreskuratzea.

2014ko abenduan, hitz hauekin ireki zuen Espainia Kataluniaren kontra: begirada historiko bat (1714-2014) sinposioa: "XVIII. mende erdialdetik katalanek nazio espainiar bat solidarioki eraikitzeko egin dituzten esfortzuek ez dute funtzionatu, behin eta berriro topo egin dutelako haien izatea xurgatzeko borondate argi eta sendoa zuen aginte batekin".

Haren hitzetan, Espainiaren eta Kataluniaren arteko harremanean badago mugarri bat: 1714ko gerra. "Europako sistema ordezkatzaile aurreratuena eta demokratikoena" zen Kataluniarena. "Holanda eta Ingalaterraren parekoa, antzeko eboluzioa izango zuena: demokratizazio sakon bat, sistema kapitalistaren garapena". Ondorengotza Gerran, ordea, Fontanak zioenez, bi sistemaren arteko lehia politikoa izan zen: "Aurrerabidea eta demokratizazioa defendatzen zituena, eta botere monarkiko absolutua zein sistema feudala oinarri zituena". Gerra galtzean, "jardunbide errepresiboa ardatz zuen proiektu politiko bat ezarri zitzaion Kataluniari, helburu bakarrarekin: Espainiako monarkiako gainontzeko lurraldeekin berdintzea".

Frankismoak zigortua

1931ko azaroaren 20an jaio zen, Bartzelonan. Historia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean, 1956an, eta doktoretza egin zuen 1970ean. 1966an, irakasle zela, frankismoko agintariek irakaskuntzatik kendu zuten. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko errektoreordea eta dekanoa ere izan zen, eta 1990ean Pompeu Fabra Unibertsitatera pasatu zen.

Antzinako Erregimenetik kapitalismorako trantsizio ereduak ikertu zituen, eta Espainiako merkatuaren sorreran, 1820ko eta 1868ko iraultzetan eta finantza publikoen eta garapen ekonomikoaren arteko harremanetan espezializatu zen. Gaur egungo historiografia ulertzeko ezinbesteko egileak eta eskola berritzaileak ekarri zituen, batik bat marxismoak eraginda.

Frankismoaren kontra aritu zen, klandestinitatean, eta PSUC alderdian militatu zuen 1957tik 1980ra. Politika sozialak eta autodeterminazioa ziren haren bi ardatzak. 2017an berriro heldu zion politikari, eta babesa adierazi zion Catalunya en Comuri; Ada Colauren Bartzelonarako alkatetzarako zerrendako azkena izan zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.