Donostiako 66. Zinemaldia

Zazpi ekoizpen hartuko ditu Culinary Zinema sailak

Argentina, Singapur, Frantzia, Japonia, Espainia, Hego Korea eta Kanadakoak dira lanak, eta Euskal Herriko bat ere bada: Ander Iriarteren eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filma.

Ander Iriarteren eta Aitor Bereziartuaren 'Bihar dok 13' filmeko fotograma bat.
itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 29a
13:19
Entzun

Alfred Oliveri argentinarraren Tegui: un asunto de familia lanak inauguratuko du gastronomiaren eta zinemaren saila aurten. Lehen film luzea du Oliverik, eta German Martitegui Argentinako sukaldariaren inguruan ardaztu du lana; 40 egunez euren jatetxea itxi eta Andeetako mendikatean beste bat irekitzeko hautuaren nondik norakoak kontatzen ditu. Irailaren 22an izango da proiekzioa, eta Martitegui berak prestatuko du osteko afaria.

Singapurren, Japoniaren eta Frantziaren arteko ekoizpena da Ramen Shop, Eric Khook zuzendutako fikziozko lana. Berlinaleko Culinary Cinema sailean aurkeztu zuen, eta Singapurretik bidaia gastronomiko bat egiten duen sukaldari bat du protagonista. Irailaren 23an erakutsiko dute Donostian, igandez, eta Pang Seng Meng eta Alexander Pang ariko dira sukaldean.

Miguel Angel Jimenezen Y en cada lenteja un dios lana izango da sailak erakutsiko duen hurrengo filma. Bi Michelin izar dituen L'Escaleta jatetxearen atzeko aldea erakusten du filmak. Kiko Moya eta Alberto Redrado sukaldariak arduratuko dira proiekzioaren osteko afariaz.

Jose Luis Lopez Linaresek Picual olibaren iraultza jaso du JaƩn, Virgen & Extra filmean, eta irailaren 25ean erakutsiko du Donostian; Paco Morales ariko da ondoren sukaldean. Segidako proiekzioa, hilaren 26an, Little Forest izango da, Soon-rye Yim zinemagile korearrarena. Luke Jang eta Mikel Gallo ariko dira orduan sukaldean.

Azken aurreko emanaldia Maya Gallus kanadarraren The Heat: A Kitchen (R)evolution izango da, Heidi Bjerkan sukaldariarekin. Klausurako filma, aldiz, Bihar dok 13 izango da, Ander Iriarte eta Aitor Bereziartuarena. Kasu honetan, Basque Culinary Centerreko ikasleek prestatuko dute emanaldiaren osteko afaria, eta Ez Dok Amairu eta Gaur mugimenduetan oinarrituko dira platerak sortzeko.

Proiekzio eta afarietarako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 70 euroan. Pelikulak soilik ikusteko sarrerak irailaren 16tik aurrera eskuratu ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.