Brasil

Sute batek Brasilgo Museo Nazionala kiskali du

Herrialdeko zientzia erakunderik zaharrena hartu dute garrek. 20 milioi pieza biltzen zituen museoak. Horien artean, Amerikako giza garezurrik zaharrena.

Rio de Janeiroko Museo Nazionala, su garretan. MARCELO SAYAO, EFE
2018ko irailaren 3a
07:10
Entzun

Suak guztiz kiskali du Rio de Janeiroko Museo Nazionala, Brasilgo zientzia museorik garrantzitsuena. Suteak ez du zauriturik eragin, baina kalte materialak handiak direla ohartarazi dute iturri ofizialek. Galera "neurtezina" da, Michel Temer Brasilgo presidentearen hitzetan. "Egun tragikoa da", adierazi du.

Museoak bilduma aberatsa gordetzen zuen. Besteak beste, animalia disekatuak, indigenen erremintak, fosilak eta momiak. 20 milioi pieza baino gehiago, guztira. Tartean, Luzia izenez ezaguna den eta duela 11.500 urte bizi izan zen emakume baten garezurra: Amerikako giza garezurrik zaharrena.


Luzia-ren aurpegia, Brasilgo museoan zegoen garezurra oinarri hartuta Richard Neave Manchesterreko Unibertsitateko irakasleak osatua.

Sutea atzo piztu zen, 19:30ak aldera, museoa itxita zegoela. Lau zaintzaile zeuden soilik eraikinaren barruan, eta garaiz irtetea lortu dute. Ez da zauriturik izan. Ordutik, suhiltzaileak lanean ari dira. Sutearen indarra ikusita, museoko ondare ia guztia galdutzat jo dute.

Museoko arduradunek salatu dute erakundeen "babes faltak eta kontzientzia gabeziak" eraman duela museoa egoera horretara. "Urteetan borrokatu gara, gobernu desberdinekin, gaur suntsitu den guztia era egokian zaintzeko", ziurtatu du Luis Fernando Duarte museoko presidenteordeak.

Kritika gogorra egin du Brasilgo Kultura ministro Sergio Sa Leitaok ere. Sutea urteetako arduragabekeriaren ondorio dela nabarmendu du. "Balio dezala halako tragediak beste museo batzuetan gerta ez daitezen".

Ez da lehenengo aldia sute batek Brasilgo museotan galera material handiak eragiten dituena. 1978an, Rio de Janeiroko Arte Modernoko Museoa kiskali zen. Orduan, hainbat artista ezagunen lanak bihurtu ziren errauts. Besteak beste, Pablo Picasso eta Salvador Dali margolarien hainbat lan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.