Euskal Presoak

Igarriz eta Arronategi Logroñoko eta Zuerako espetxeetara lekualdatzea agindu du Madrilek

Marta Igarriz Castelloko espetxetik (Herrialde Katalanak) Logroñora (Errioxa, Espainia) lekualdatuko dute, eta Kepa Arronategi, Almeriatik (Andaluzia, Espainia) Zuerako espetxera (Zaragoza, Espainia). Arronategik gaixotasun larria du.

Zuerako espetxea (Zaragoza Espainia). Artxiboko irudia. JAVIER CEBOLLADA, EFE
2018ko irailaren 13a
07:10
Entzun

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, bi euskal preso Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara lekualdatzeko agindua eman du. Marta Igarriz eta Kepa Arronategi dira lekualdatuko dituen bi presoak.

Igarriz 2005etik dago preso, eta 15 urteko espetxe zigorra ari da betetzen. Beteak ditu ezarritako zigorraren hiru laurdenak. Joan den uztailean, lehen gradutik bigarrenera aldatzeko eskaria onartu zion Espetxe Zuzendaritzak Igarrizi.

Arronategi, berriz, 1997. urtetik dago preso, eta larriki gaixo dago. Almeriatik Zuerako espetxera lekualdatuko dute.

Euskadi Irratiak adierazi duenez, Consuelo Ordoñez Covite ETAren biktimen elkarteko presidentearekin hitz egin du, eta hark baieztatu die Espainiako Gobernuak presoen lekualdatzeen berri eman diela. Zehazki, Fernando Grande Marlaska jarri da Coviterekin harremanetan. Ordoñezek azaldu du Coviterentzat "marra gorria" dela ETAko presoak damua agertzea, Euskal Herriko espetxeetara lekualdatuak izateko. Aldiz, gaineratu du gobernuak eskuak libre dituela presoak beren etxetik gertuago dauden espetxeetara lekualdatzeko.

Gerturatzeen berri izan eta gero, Etxerat elkarteak eskatu du bi presoak Zaballako espetxera eramateko: "Bi preso hauek zoritxarrez Euskal Herrira ez dituztela ekarriko jakin ondoren, esan behar dugu arrazoi bakar bat ez dagoela euskal presoak Zaballako espetxera ez hurbiltzeko". Elkarteak azpimarratu du "beti" egon direla euskal presoak Logroñon eta Zueran "azken 30 urtetan haiei aplikatu zaien dispertsioaren politikaren baitan".

Hortaz, eskatu dute presoen eta horien senideen eskubideak errespetatzeko: "Espainiako Gobernuak euskal presoak gerturatzeko konpromisoak hartu eta aurrera eramaten ez baldin baditu, presoen senide eta gertukoak, hau da, 4.000tik gora euskal herritarrek, gure bizitza, segurtasuna, osasuna eta ekonomia kolokan jartzera behartuak jaraituko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.