EAErako estatutu berria

"Esparruaz" ez ezik, "edukiez" ere hitz egin nahi du LAB sindikatuak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriaz EAJk eta EH Bilduk lortutako akordioa ontzat du sindikatuak, "abiapuntu egokia" delakoan, baina uste du horren inguruan "borroka" egongo dela, Confebask egungo esparruan "eroso" ikusten duelako eta EAJz ez direlako fio.

jarraia156644.jpg
gotzon hermosilla
2018ko irailaren 14a
15:09
Entzun

LAB sindikatuarentzat, albiste ona da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriak erabakitzeko ahalmena jasotzea, hori ezinbestekotzat jotzen dutelako "langileoi dagozkigun gaietan politika propioak garatzeko aukera" izateko, baina uste du arlo sozial eta ekonomikoan zenbait eduki jaso beharko lituzkeela estatutu berriak, eta horietako batzuk zerrendatu ditu: Lan Kode propioa, gizarte segurantzaren lege propioa, negoziazio kolektiborako eta lan harremanetarako eredu propioa, eta abar.

LABeko GarbiƱe Aranburuk eta Bea Martxuetak azaldu dutenez, ez dago ziurtaturik eduki horiek agertuko diren estatutu berrian, eta horregatik uste dute "borroka" egongo dela horren inguruan: "Confebaskek eta elite patronalak ez dute beste esparrurik nahi, erosoago daudelako esparru estatalaren menpe, eta Eusko Jaurlaritzak ere ez du beste politika ekonomiko eta soziala egin nahi", esan dute.

"Mesfidantzaz" hartu dituzte EAJren zenbait kidek "adostasuna zabaltzeko" egindako deiak, uste dutelako horrek testutik erabakitzeko ahalmena desagerraraz dezakeela. Ahal Dugu-ren jarreraz, esan dute bat datozela alderdi horrekin eskubideez eta eduki sozialez hitz egin behar dela, baina LABek ez du uste hori posible denik "bitarteko juridikorik eta politika propioak garatzeko ahalmenik gabe".

LABen ustez, orain arte eztabaida "instituzioetan" egon da, eta "prozesu parte hartzaileago" baten alde azaldu dira: "Eragile sozial eta sindikalok parte hartu behar dugu eztabaidan, eta LABek horretan eragile aktibo izan nahi du". Horregatik, bilerak egingo dituzte euskal lan esparrua onartzen duten sindikatu guztiekin, eta uste dute posible izan beharko litzatekeela estatutu berriak jaso behar lituzkeen edukien inguruan "adostasuna" erdiestea. PP eta PSE-EE ez beste talde parlamentario guztiekin ere bilerak egin nahi dituzte eduki horien berri emateko, eta prozesu parte hartzaileagoa eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.