Biktimak

Maria Jauregi: "Ezin dira hartu erabaki politikoak biktimen iritziengatik"

Maria Jauregi Lasa, Juan Mari Jauregi zenaren eta Maixabel Lasaren alaba, presoak gerturatzearen alde, biktimen erabilera politikoaren kontra eta giza eskubide guztien alde agertu da gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Orain, indar guztia elkarbizitzaren alde egiteko erabili behar dela azpimarratu du.

Maria Jauregi Lasa, gaur. EUSKADI IRRATIA
Oihana Elduaien Uranga.
2018ko irailaren 21a
13:52
Entzun

Euskadi Irratiak elkarrizketa egin dio, gaur, Maria Jauregi Lasari, ETAk hil zuen Gipuzkoako Gobernadore Zibil ohi Juan Mari Jauregiren eta Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Zuzendari ohi Maixabel Jauregiren alabari (entzun elkarrizketa albistearen amaieran dagoen audioan, 2:33:00tik aurrera). Orain, une politiko honetan, indarrak elkarbizitzaren alde lan egiteko jarri behar direla uste du. "Gaur egun dagoen egoera berri honek hitz egitera animatzen zaitu gehiago", dio, "hitz egitea ondo etortzen da, jendea hasiko da gauzak askatzen". Zenbait pertsona publikok bere iritzia aldatzen nola joan den ezagutaraztea ere ondo legoke bere ustez.

Elkarbizitza eraikitzen laguntzeko badaude gai batzuk bere ustez. Presoen gerturatzeak lagunduko lukeela uste du, eta "ausardia handiagoa" eskatu dio Espainiako Gobernuari: "Presoen gerturatzea legea betetzea da. Beste gauza bat da gradu aldaketena. Senitartekoek ez dute zertan sufritu kondena hori. Eskubidea dute beren senideak ikusteko".

Hilketak argitzea ere beharrezkoa dela uste du, biktimek lasaitasun hori merezi dutelako. Baina ez da ETAren biktimez bakarrik mintzatu: "Torturak daude, estatuak bere tresna demokratikoak erabiliz erail duen jendea. Gobernuak ere barkamena eskatu behar luke. Hori estatu terrorismoa da, eta erailketak gaizki daude, berdin zait nondik datorren".

Maria Jauregi Lasa komunikabideetatik aparte egon da, harik eta udan, PPren esan batzuekin sutu, eta Twitterren txio batzuk idatzi zituen arte. Presoen hurbilketaren inguruan Javier Marotok egindako adierazpenei erantzun zien batetik: "Zerbait egin behar baduzu, egizu zure izenean, baina ez biktimen izenean. Biktimak asko eta era askotakoak gara. Ni presoak gerturatzearen alde nago", esan zion.

Eta Pablo Casadori ere erantzun zion, hark estatuaren biktimarik ez dagoela esan ostean: "Nire gertuko bi adibide: Lopez de la Calle Meliton Manzanasek torturatu zuen; Lasa eta Zabala GALek torturatu eta hil zituen".

Salaketa hori errepikatu du gaur irratian: "Biktimak beti erabili izan dituzte; batez ere, PPk". Harago ere joan da, eta biktimen iritziengatik ezin direla erabaki politikoak hartu nabarmendu du: "Nire erabakiak beste pertsona baten iritziaren berdina balio du".

Bizipenak ere kontatu ditu. Bere aita La Cumbren bizi izan zen Gobernadore Zibil zen garaian. Bera, amonarekin gelditu zen, eta oso eskertuta dago ez zutelako derrigortu hara joatera. Baina, aitak kargua utzi ostean jakin zuenean toki hori zertarako erabiltzen zen "oilo ipurdia" jarri zitzaiola onartu du. Han torturatu zituzten, besteak beste, Lasa eta Zabala.

Huelvan (Espainia) zegoen ETAk bere aita hil zuenean, 19 urte zituen eta ikasten ari zen. Han jarraitu zuen, baina ez "iheserako beharra" sentitu zuelako; ikasketak amaitu nahi zituelako baizik. "Ingurukoek ez naute inoiz baztertu, nik ez dut hori sentitu".

Maixabel Lasa, bere ama, bere aita hiltzeagatik preso zeuden ETAko bi kiderekin bildu zen espetxean: Luis Carrascorekin eta Ibon Etxezarretarakin. "Beraiek nahi zuten amarekin egon. Beraien prozesua pasatu dute, beraien hausnarketa egin dute eta nola ez eman bigarren aukera hori pertsonei. Eskubidea daukagu denok, iritziz aldatzeko. Eta nik nahiago dut pertsona batek esatea egindakoa ez dago ondo, iritzia ez aldatzea baino. Alde horretatik, aurrera".

"Errespetua, bestearen lekuan jartzea, giza eskubideak errespetatzea...  Espetxe politikaren helburua, azkenean, presoak gizarteratzea da, eta horretarako lana egin behar da beraiekin". Etxezarretak loreak jarri zituen bere aitaren omenaldi batean, eta horri buruz galdetuta, Etxezarretaren beraren lekuan jarri da Jauregi: "Berarentzat ere pauso garrantzitsua izango zen, eta kostatuko zitzaion. Baina, nik uste dut oso positiboa dela".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.