Indarkeria matxista

Bizi guztiko espetxealdi berrikusgarriarekin zigortu dute Gasteizen haur bat leihotik bota zuen gizona

Lehenengo aldia da Euskal Herrian bizi osorako espetxealdi berrikusgarria ezartzen dela.

Gasteizko Askatasuna kaleko 14. atariko begiratokitik bota zuen gizonezkoak adingabea. /
Gasteizko Askatasuna kaleko 14. atariko begiratokitik bota zuen gizonezkoak adingabea. / Jaizki Fontaneda/Foku

Berria -

2018ko irailak 26

Arabako Lurralde Auzitegiak kondenatu egin du, Gasteizen, 17 hilabeteko haur bat leihotik bota zuen gizona. 2016ko urtarrilaren 25ean hil zuen haurra, gizonak berak onartu duenez.

Auzitegiak zazpi urteko espetxe zigorra ere ezarri dio, haurraren ama hiltzen saiatzeagatik. Emakumea aste batzuk lehenago ezagutu zuen, Internet bidez, eta, orduan, 18 urte zituen.

Akusatuaren abokatuak argudiatu du gizonezkoak murriztuak zituela bere gaitasun mentalak, gertakariak gertatu zirenean. Auzitegiak, baina, baztertu egin du bertsio hori, eta bizi osorako espetxealdi berrikusgarrira zigortu du. Lehenengo aldia da Euskal Herrian halako zigor bat ezartzen dela.

Fiskaltzak eta bi akusazio partikularrek zigor hori eskatu zuten akusatuarentzat. Auzitegiaren ebazpenarekin, gizonezkoak 25 eta 35 urte bitarteko espetxealdia bete beharko du, zigorra berrikusi aurretik. Kondenatuak aukera du epaiari helegitea aurkezteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna