Autogintza

Dieselaren eztabaidan "ardura" eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Ganberak uko egin dio erregaiaren zergapetzea igotzeko asmoak kritikatzeari. Horren ordez, Ibilgailuak ordezkatzeko planak eta erregai alternatiboak dituzten autoen salmenta azkartzeko neurriak galdegin ditu, mozio baten bidez.

Bizkaiko gasolindegi bat, artxiboko irudi batean.
Bizkaiko gasolindegi bat, artxiboko irudi batean. Luis Jauregialtzo / Foku

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 18

Diesel ibilgailuen egoera eztabaidagai izan du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak, PPk aurkeztutako mozio baten eskutik. Testu horretan eskatzen zuen Espainiako Gobernuak atzera egitea dieselaren zergapetzea igotzeko duen asmoan, autogintza enpresentzako "oso kaltegarria" litzatekeelako, "bereziki Araban". Popularrak bakarrik geratu dira, ordea, gainerako alderdiak ados jarri direlako erdibideko zuzenketa bat onartzeko.

Aurrera atera den testuan "ardura" eskatu zaie eragile publiko eta pribatu guztiei, industrian eta enpleguan ondorio negatiboak egon daitezen eragozteko. Legebiltzarrak, edonola ere, "kezka" agertu du sektoreko atal batzuk duten "egoera korapilatsua" dela-eta. Haatik, ebazpenak ez du kritikatu dieselari zergak igotzea, eta defendatu du diru horren parte handi bat bideratzea airearen kalitatea hobetzeko, garraio jasangarria sustatzeko eta aldaketa klimatikoaren estrategiaren mesederako. Azkenik, "eskumenak dituzten administrazioei" eskatu zaie autointza sektorearen garapenean laguntzeko, berrikuntza planak sustatu eta erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen merkaturatzea azkartzeko.

Dieselaren etorkizunari buruzko kezkak indarra hartu du azken asteotan, bereziki Mercedes-Benzek lantegia hainbat egunez itxi eta aurreikusitako produkzioan jaitsiera txiki bat iragarri zituenetik. Joan den astean, Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez jeltzaleak, dieselaren zergapetzea "argitzeko" exijitu zion Espainiako Gobernuari, kexa tonu argian. Jarrerak ere zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdien arteko sintonia, kontuan hartuta jeltzaleen bazkideak, PSE-EEk, bat egin duela dieselari zergak igotzeko asmoarekin. Azkenean, bi alderdiek lortu dute gutxieneko adostasun bat EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin zuzenketa aurrera ateratzeko.

Gogor heldu dio debateari Mari Carmen Lopez de Okariz PPko legebiltzarkideak. Dieselari "gerra egitea" egotzi dio Madrili, eta sektore osoa "estigmatizatu" dela ziurtatu du. Gainerako alderdi guztientzat izan ditu kritikak, PP Moncloatik kanporatzeko estrategian bidelagun izan zirela iritzita. EAJri, "Espainian gobernu ahula" hobestea leporatu dio, "poltsikoa betetzeko". Autogintza sektoreko milaka lanpostu arriskuan jartzea ere egotzi die dieselari zerga handiagoak jartzea babestu dutenei. Azkenik, gasolina bultzatzeak gas isurketak "nabarmen" handitu dituela ohartarazi du.

Mercedesekin bueltaka

Hitzaldi gehienetan Mercedesen geroak itzal handia izan du. Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, Jose Ramon Becerrak ukatu egin du zergaren eta autogintza enpresen erabakien arteko harremana. "Faltsua da. Ez dago inolako ondorio soziekonomiko larririk", argudiatu du. Gogoratu du, halaber, Mercedesek produkzioaren %90 esportatzen duela, eta, ondorioz, hemen zergak handitzeak ez duela aparteko efekturik izango uste du. "Mercedes inoiz baino hobeto dago", Becerraren hitzetan.

"Populismo merkea" egin du PPk gai honekin, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz. Zehaztu du batez beste diesel erregaiaren zergak %28 txikiagoak direla, gasolinarekin alderatuta, eta ez zaio iruditzen zergak diseinu egokia duela:"Ezin da ingurumen zerga bat erabili sektore oso baten lehiakortasun arazoak estaltzeko". Oteroren ustez, beharrezkoa da autogintza sektoreari norabide aldaketa bat ematea, bestelako ibilgailuak lehenesteko. "Bestela, luze gabe arazo serioa izango dugu".

Gobernua babesten duten alderdien izenean, Josune Gorospe jeltzaleak adierazi du ez dela zerga berria, baina orain arte diesel erregaiak "hobariak" izan ditu, merkeagoa izateko. "Ingurumenari lotuta dagoenez, logikak dio gehien kontaminatzen duenak gehiago ordaindu beharko duela", azaldu duela. PSE-EEren ordezkari Natalia Rojok zerga igotzea babestu du, trantsizio energetikoa "bidezkoa eta ekitatiboa" izan dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna