Fiskalitatea

Amatasun baimenetan %25era arteko kenkariak ezarriko dituzte Nafarroan

2019ko zerga neurrien legea aurrera atera dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Oposizioak Gorenaren epaiaren ildotik amatasun sariak itzultzea defenditu du, baina laukoak kenkarien bidea hartu du.

Zerga neurrien eztabaida Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
joxerra senar
2018ko urriaren 25a
07:20
Entzun

Nafarroak bere bidea hartu du. Urriaren 5ean, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Gizarte Segurantzak ordaindutako amatasun laguntzari ezin zaiola errenta zergarik ezarri. Epai horrek Espainiako Errentaren legeari eragiten ziola eta Nafarroako legearen edukia  desberdina dela argudiatuta, laukoak eta foru gobernuak erabaki dute diru hori ez itzultzea eta 2019tik aurrera zerga kenkariak ezartzea: errentaren arabera, kuotaren gain %25era arteko kenkariak ezarri dituzte.

Datorren urterako zerga neurrien artean hori izango da aldaketa nagusia. Berez, ekainean, Gorenaren epaia ezagutu aurretik egin zuen proposamen hori laukoak, eta, parlamentuan bere bidea egin ostean, gaur goizean onartu du laukoak. UPNk eta PPk aurka bozkatu dute, eta PSN abstenitu egin da. Ainhoa Unzu sozialistak arrazoitu du zerga neurri guztiekin ados daudela, baina amatasun sarien kasuan "motz" geratu dela. Gorenaren doktrinari men egitea nahi zuen PSNk.

Ia bi ordu iraun duen eztabaidan, amatasun sarien auzia izan da eztabaidaren erdigunean. Zalaparta handia eragin du Nafarroako Gobernuaren erabakiak, eta guraso batzuek manifestaziora deitua dute etziko. Gaurko eztabaidan, EH Bilduko Adolfo Araizek esan du zerga eskumenak defenditzea dagoela eztabaida horren erdian. Gorenaren epaiari jarraitzea Espainiako zerga batasunerako urratsa egitea da: "Hemen auzia da kafesnea nahi ote dugun guztiontzat, edo galdutako foruen hondarrak diren zerga eskumenei eutsi nahi diegun". Geroa Baiko Jokin Castiellak "zinikotzat eta demagogiatzat" jo du zerga autonomiaren gainetik jauzi egin nahi izatea derrigorrezkoa ez den epai bati men egiteko.

Jose Miguel Nuinek PSNren haserrea piztu du, sozialistei gogorarazi baitie 2012an amatasun sariak errenta zergan ez itzultzearen alde bozkatu zutela, UPNrekin eta PPrekin batera. "Nik sariak kentzearen aurka bozkatu nuen, eta zuek alde. Beraz, zuek zarete amei saria kendu diezuenak, eta zuek zarete amak auzitara jotzera kondenatu nahi dituzuenak".

Laukoaren ordezkariek adierazi dute errentaren araberako kenkariak "progresiboagoak" direla. 30.000 eurora arteko errenten kasuan, kuotaren gaineko %25eko kenkaria da, eta praktikoki saria itzultzearen pareko dela esan dute. Alta, errenta handitu ahala, kenkariak murriztuz joango da: 30.000 eta 45.000 artean, %20koa; 60.000 euroraino, %15era artekoa; 75.000 euroraino, %10ekoa; eta 90.000 euroraino, %5ekoa. Hortik aurrera, ez dago kenkaririk.

Oposizioaren argudioak

UPNk, PPk eta PSNk Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren bideari jarraitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Hark erantzun du hiru lurraldeetako foru arauek Gorenak auzitan jarritako Espainiako legearen edukia errepikatu dutela. Alta, bai UPNk bai PSNk azpimarratu dute Araban ez dela halakorik gertatu: "Araban, Nafarroan bezala, amatasun sarietan errenta zergan ez itzultzea erabaki zuten, eta, foru arauaren erredakzioa Espainiakoaren diferentea izan arren, itzultzearen alde egin dute, Gipuzkoak eta BIzkaiak bezala", arrazoitu du Juan Luis Sanchez Muniainek (UPN). Haren iritziz, borondate politikorik ez du azaldu ez laukoak, ez gobernuak. 

Bide beretik jo du Ainhoa Unzu sozialistak. Haren ustez, zerga neurrien eztabaidak denboran Gorenaren epaiarekin bat egin izan ez balu, "ziurrenik" laukoak bestelako jarrera bat azalduko zuen, baina ekainean egindako proposamena defenditzea nahiago izan du. Unzuk azpimarratu du bere posizioa malgutzeko posiziorik ez duela laukoak, eta amatasun baimenak eskatu dituzten ama nafarrak  "gurutze bide judizialera kondetzea" egotzi die.

PPko Ana Beltranen irudiko, amatasun sarien atxikipenak itzuliko ez zazkien "espainiar bakarrak" izango dira Nafarroako gurasoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.