Zubietako erraustegia

Gipuzkoa "osasuntsuago eta demokratikoago" baterako "garaiz" dela aldarrikatu dute

Milaka herritar mobilizatu dira Zubietako erraustegiaren kontrako maifestazioan. Errauskailuaren lanak gelditzeko eta kontratua eteteko galdegin dute, horretarako pisuzko arrazoiak daudela iritzita.

Zubietako erraustegiaren aurkako manifestazioa, gaur, Donostian. @MASENSIOLOZANO
Maite Asensio Lozano.
2018ko urriaren 27a
07:38
Entzun

Zubietako errauste planta eraikitzeko lanak gelditzeko eskaera kalera atera da gaur arratsaldean, Donostian. Errausketaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOSek, eta hamaika sindikatuk (ELA, LAB, EHNE, ESK...) eta talde ekologistak (Eguzki, Greenpeace...) deitu dute mobilizaziora. 17:00etan abiatu da Ehunurteurrenaren plazatik, eta udaletxearen parean amaitu da.

Manifestazioan parte hartu duten milaka herritarrak zoriondu dituzte deitzaileek, mobilizazio "jendetsu eta anitza" egitea lortu dutelako. Antolatzaileen esanetan, 10.000 lagun bildu dira manifestazioan. Errauskailua gelditzearen aldekoak "geroz eta gehiago" direla nabarmendu dute.

Errauste plantaren lanak aurrera doazen arren, azpiegitura geratzea posible dela uste dute, eta horretarako arrazoi nahikoa badela ziurtatu. Manifestazioa babestu duten elkarteak banan-banan igo dira udaletxearen pareko oholtzara, bakoitzak bere arrazoiak azaltzera.

Eurraustegiaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, errauskailua ez da beharrezko azpiegitura bat, "erraustea ez den alternatibak badaudelako". Horien oinarria hondakinen "gaikako bilketa derrigorrezkoa eta eraginkorra" dela ohartarazi dute. Gaineratu dutenez, errauskailuak Gipuzkoako herritarrak zorpetuko ditu, eta, horren ondorioz, gizarte zerbitzuak "eskastu eta murriztu" litezke.

Gurasos elkarteak haurrak eta beraien osasuna babesteko eskatu du azpiegitura bertan behera uztea. Horrez gain, nabarmendu du proiektua etetea dela hondakinen auzia konpontzeko lehen urratsa. "Inoiz ez da berandu Gipuzkoa osasuntsuago eta demokratikoago bat lortzeko".

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, berriz, errauskailua osasunarentzako "arriskutsua" dela ohartarazi du. Haren esanetan, badira hondakinak kudeatzeko modu osasuntsuagoak.

Sindikatuek adierazi dute errauskailua ekonomia zirkularraren oinarrien kontrakoa dela, eta talde ekologistek ingurumenari kalte egiten diola.

Manifestazioaren zuzeneko kontaketa egin du BERRIAk.

Aste honetan, errauste plantaren "gaindimentsioa" salatu du GuraSOS elkarteak. "Gaindimentsio" hori ia %110ekoa dela ohartarazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.