Suteak

Gutxienez 200 pertsona desagertu eta 42 hil dira Kalifornian, suteen ondorioz

Suak 45.000 hektarea eta 6.450 etxebizitza erre ditu, San Frantziskotik gertu. Los Angeles inguruan, beste sute bat piztu da, eta hark 33.600 hektareako eremua erre du dagoeneko.

Suhitzaileak lanean, West Hills inguran, Kalifornian. EUGENE GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko azaroaren 12a
13:29
Entzun

Oraindik ez dute argitu nola piztu zen ostegunaz geroztik Kalifornia iparraldean kontrolatzeko ahaleginetan ari diren sutea. Iturri ofizialen arabera, dagoeneko 200 inguru dira desagertuak, eta 42 hildakoak. Suak ia erabat suntsitu du San Frantziskotik 280 kilometrora dagoen 26.000 biztanleko Paradise hiria. Han aurkitu dituzte azken sei hildakoak ere.

Suhiltzaileek kontrolpean dute sutearen %25, baina haize indartsuak zaildu egiten ditu hura itzaltzeko lanak. Horrez gain, San Frantziskon alerta gorria dago indarrean ostegunaz geroztik, airearen kalitate txarraren eraginez. Suak zerk eragin duen ikertzen ari dira suhiltzaileak, baina ez dute baztertzen goi tentsioko lineak eragindako txinparta baten ondorioz piztu izana.

Ez da, ordea, hori Kaliforniako sute bakarra. Los Angelesen beste bat piztu da, eta dagoeneko bi hildako eragin ditu. Autoan zihoazela, suak harrapatu zituen biak. Suak 33.600 hektarea erre ditu dagoeneko. Malibu, Calabasas eta Thousand Oaks hirien inguruan.

Kaliforniako gobernadore Jerry Brownek jakinarazi duenez, dagoeneko 300.000 pertsona atera behar izan dituzte beren etxeetatik. Horiek hala, ingurua "hondamendi eremu" izendatzeko eskatu dio Brownek Donald Trump presidenteari. Hori onartuz gero, kaltetuek laguntza ekonomiko eta psikologikoa jaso ahalko lukete.

Trumpek, baina, basoen kudeaketa kritikatuz erantzun du eta ohartarazi horri irtenbidea aurkitu ezean, diru laguntzak etengo dituela: "Urtero milaka milioi dolar xahutzen dira basoen kudeaketan, zertarako eta kudeaketa txarraren ondorioz dozenaka lagun hil daitezen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.