Euskara

Aiegik uko egin dio eremu mistoan sartzeari

Galdeketa egin zuten, atzo, aiegiarrek herria zein hizkuntza eremutan nahi zuten erabakitzeko. Eremu ez-euskaldunean jarraitzea erabaki zuten, 30 botoren aldearekin.

Aiegi herria. Artxiboko irudia. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2018ko azaroaren 19a
13:34
Entzun

Honako hau zen erantzun beharreko galdera: "Nahi al duzu eremu ez-euskaldunean dagoen Aiegi eremu mistoan sartzea, euskararen 10/1986 foru legeari jarraikiz?". Ez bozkatu zuten 391 aiegiarrek; bai, 361ek. Horrenbestez, Aiegik eremu ez-euskaldunean jarraituko du.

Parte hartzea %42 izan zen. 766 herritarrek eman zuten botoa, eta 1.849k zuten bozkatzeko aukera. 20:00etan itxi zuten hautetsontzia, eta boto zenbaketa gertutik jarraitu zuten Ayegui Unido, Irache eta EH Bildu udal taldeetako ordezkariek.

Juan Mari Iantzi (Ayegui Unido) alkateak herritarren parte hartzea eskertu du, eta emaitza loteslea dela nabarmendu du. "Aiegik erabaki du, eta, udal batzarrean esan nuen bezala, emaitza loteslea da, emaitza edozein izanda ere".

Esperanza Gastea (Irache) zinegotziak ere antzera hitz egin du. "Erreferendum bat da, demokrazia batean gaude, eta herriaren erabakia errespetatu beharra dago, gustatu ala ez. Ez da ezer gertatzen, Aiegik aurrera jarraituko duelako". Hautagaitza independenteko ordezkariak herria eremu mistoan sartzearen aldeko adierazpen bat sinatu zuen, Aiegiko hiru alkate ohirekin batera.

Emaitzarekin eta haren ondorioekin kezkatuta agertu zen, berriz, Juan Luis Camarero EH Bilduko zinegotzia. "Pena bat da 30 botorengatik euskaldunok eskubideak galtzea gazteleraz, ingelesez edo frantsesez hitz egiten dutenen aldean. Eskubideak kentzen zaizkigu, ez direlako euskaldunenak gaztelerazko hiztunenekin berdintzen. Demokrazia batek eskubideak kentzen baditu, atsekabetu egiten nau", adierazi du. Camareroren esanetan, auzia ez zen galdeketa bidez argitu behar. Ayegui Unido taldeari leporatu dio hura bultzatzea, udal batzarrean, eremu mistoan sartzearen aurka ez agertzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.