Brouard eta Muguruzari omenaldia

"Kategorizazioa" salatu dute estatuaren indarkeriaren biktimek

Urtero legez, omenaldia egin diete Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko buruzagiei, haien hilketen urteurrenean.

Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurreneko ekitaldia, gaur, Bilbon. IDOIA ZABALETA, FOKU
gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 20a
07:22
Entzun

Josu Muguruzaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kide Ane Muguruzak salatu du "eztabaida semantikoa" ezarri nahi dutela, biktimak "kategorizatu eta banatzeko": "Oraindik inolako instituziok ez dio exijitu dagozkion erantzukizunak bere gain hartzeko ez Espainiako estatuari, ez polizia indarrei, ez gure senideen hilketen erantzule politikoei, ezta gure biktimarioei ere", gogorarazi du.

Muguruzak esan du askotan "biolentziaren biktimatzat" aurkezten dituztela, "abstraktuan, kolpatu gintuen biolentziak arduradunik izango ez balu bezala". Hori dela eta, argi utzi nahi izan du beren senideen hilketak "gatazka politiko baten testuinguruan" gertatu zirela, eta testuinguru horretan Espainiako Estatuak biolentzia erabili duela "frankismoan, trantsizioan eta demokrazian" . "Hori ukatzea krimen horiek zigorrik gabe uzteko modurik onena da", erantsi du.

Muguruzaren ustez, indarkeria mota hori aipatu nahi ez dutenak dira "Iñigo Cabacasen hilketan deliturik ikusten ez dutenak" edo estatu krimenei "erantzunezko terrorismoa deitzen dietenak". "Justizia" eskatu du, baina "ohiko justiziatik" ezer gutxi espero dutenez, "gertatutakoaren egia azaleratzeko" eskatu du.

Jende ugari batu da Bilboko Ametzolako parkean egindako ekitaldi politikoan, Santi Brouarden omenezko oroitarriaren aurrean. Ezker abertzaleko buruzagi eta kide historiko ugari egon dira: Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Tasio Erkizia, Elena Beloki, Jone Goirizelaia eta abar, baina baita beste sentsibilitate politiko batzuetakoak ere, EAJren EBBko kide izandako Josune Ariztondo eta Bilboko Udalberri taldeko zinegotzi Carmen Muñoz, esaterako. Ekitaldia amaitutakoan, manifestazioa egin dute Errekalderaino, eta han beste ekitaldi bat egin dute Josu Muguruzaren omenezko oroitarriaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.