Zinema

Bernardo Bertolucci hil da

'Novecento', 'Last Tango in Paris' eta 'The Last Emperor' zuzendu zituen, besteak beste

Bernardo Bertolucci, orain dela bi urtko argazkian. GIORGIO ONORATI / EFE
mikel lizarralde
2018ko azaroaren 26a
17:22
Entzun

Bernardo Bertolucci zinemagile italiarra (Parma, 1941) hil da 77 urterekin. Gidoilari eta zuzendari, 1970eko hamarkadan egin zituen filmek egin zuten ezagun (Il Conformista, Last tango in Paris, Novecento), eta arrakasta komertzial handia eskuratu zuen 1987an zuzendutako The Last Emperor, Txinako azken enperadorearen biografia lanarekin. Film horrekin bederatzi Oscar sari irabazi zituen 1988an.

[youtube]https://youtu.be/A4cH6g1wD5g[/youtube]

Attilio Bertolucci poetaren eta Ninetta Giovanardi irakaslearen semea zen, eta oso gaztetatik artearekiko eta politikarekiko interesa erakutsi zuen. Aitak jarrera marxistetatik landu nahi izan zuen poesia, eta semeak ere berehala hasi zuen harremana Italiako Alderdi Komunistarekin. Oso gaztetatik idazteko eta kamera txiki batekin inguruko kontuak jasotzeko interesa izan zuen, eta zinema ikasketak hasi zituen horretarako aukera izan zuenean. Garai hartan ezagutu zuen Pier Paolo Pasolini zinemagilea, Bertolucci gaztearengan eragin handia izango zuena.

Hain zuzen ere, bere lehenengo lana Pasolinirekin egin zuen Bertoluccik. Accatone filmean (1961) zuzendari laguntzaile aritu zen Paisa-ren egilearekin, eta hurrengo urtean La commare seca-rekin estreinatu zen zuzendari lanetan. Filmak Erromako aldirietako bizitza deskribatzen zuen, gordintasunez deskribatu ere. Nolanahi ere, oharkabean pasatu zen filma; ez ordea, Bertoluccik garai hartan argitaratu zuen lehen poema liburuak.

Arrakasta, baina, bi urte geroago iritsi zitzaion Prima della Revoluzione (1964) lanarekin. Film horretan bere bizitza burgesaz nekatuta dagoen gizonezko baten istorioa kontatu zuen Bertoluccik, eta oihartzun handia izan zuen batez ere Italian. 60ko hamarkadan segitu zuen filmatzen, eta Jean-Luc Godarden bideari segituta, baita zinemarekin esperimentatzen ere, baina benetako errekonozimendua 1970eko hamarkadaren hasieran iritsi zitzaion, lehendabizi La strategia del ragno-rekin, eta ondoren Il Conformista-rekin. Azken lan horrek Mussoliniren erregimen faxistan kokatutako istorioa kontatzen zuen.

Bertolucciren hurrengo filmak, baina, aurretik egindako guztia gainditu zuen.  Last Tango in Paris izan zen film hori (1972), eta estreinatu zen momentutik bertatik polemikak zipriztindu zuen, batik bat Marlon Brandoren pertsonaiak Maria Schneiderrena bortxatzen duen eszenagatik. Polemika, gainera, ez zen apaldu urteekin, Schneiderrek salatu baitzuen Brandok bortxatu egin zuela Bertolucciren onespenarekin. Nolanahi ere, filma bere garaiko ikur bilakatu zen.

Gainera, bere proiekturik handinahienari ekiteko indarra eman zion Bertolucciri: Novecento (1976).  Filmak XX. mendeko lehen bost hamarkaden historia kontatzen du, eta nazioarteko aktore ezagunen parte hartzea izan zuen: Robert de Niro, Donald Sutherland, Gerard Depardieu, Burt Lancaster... Bertolucciren ikuspegi politikoak, baina ekoizle estatubatuarrak uxatu zituen, eta filmak arazo handiak izan zituen banaketan.

[youtube]https://youtu.be/eLNfHLL_myg[/youtube]

La luna (1979) film intimistaren ondoren, Bertolucciren argia itzaltzen joan zen, baina 1987an indartsu bueltatu zen, ekoizpen handi bat lagun. The Last Emperor filmean Pu Yi Txinako azken enperadorearen bizitza kontatu zuen, eta arrakasta handia izan zuen, bederatzi Oscar sari irabazteraino —besteak beste film eta zuzendari onenarenak—. Handik aurrera, film komertzialak —The Sheltering Sky (1990) Little Bhuda (1993)—, eta pertsonalagoak —O ballo da sola (1996), Besieged (1998) tartekatu zituen, 2012an azkeneko filma egin zuen arte: Io e Te.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.