G7 Miarritzen

G7 eta "bere munduaren" aurka mobilizatzera deitu dute

Euskal Herriko 34 eragilek plataforma bat sortu dute 2019ko agorrilan Miarritzen eginen den goi gailurrari buru egiteko.

Euskal Herri osoko 34 eragile politiko, sozial eta sindikalek osatu duten plataformaren agerraldia. /
Euskal Herri osoko 34 eragile politiko, sozial eta sindikalek osatu duten plataformaren agerraldia. / Isabelle Miquelestorena

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko azaroak 28

“Aukera onena G7ren disoluzioa da”. Hala uste dute heldu den agorrilaren 25, 26 eta 27an Miarritzen iragatekoa den goi gailurraren kontra mobilizatzera deitu dutenek. Euskal Herri osoko 34 eragile politiko, sozial, eta sindikalek plataforma bateratua osatu dute, G7aren presentzia errefusatu eta aldaketa sozialaren aldarriari “hauspoa emateko” helburuarekin. Ez dute iragarri mobilizazioak zer forma hartuko duen.

Joan den uztailean egin zuten G7a prestatzeko lehen gidaritza batzordea Miarritzen, Pirinio Atlantikoetako prefeta buru zela. Txina eta Errusia kenduta munduko zazpi potentzia ekonomiko nagusiak bilduko dituen goi gailurrari begira segurtasun neurri zorrotzak hartuko dituztela iragarri zuten, “arrisku terroristari” eta manifestazio “bortitzei” aurre egiteko: 15.000 polizia eta militar mobilizatuko dituzte, eta “segurtasun” zonak definituko dituzte. Gailurra iraganen den eremua -herriko kasinoa eta Hotel du Palais hotelaren ingurukoa-, kasik “bunkerizatua” izanen da, lurreko, aireko eta itsasoko segurtasunarekin.

Inposatutako “setio egoera eta polizia okupazioa” salatu ditu G7ren kontrako plataformak. “Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinbolo” da gailurra haien iritziz. “Merkataritza askea, desarautzea, eta aurrekontu austeritatea sostengatuz, G7ko estatuek inegalitate sozialak bultzatu dituzte”. Salatu dutenez, “kapitalismoaren interesen arabera” beste herriei “inposatzen” zaizkien ekonomia eta finantza politikak erabakitzen dituzte gailurrean. “Azken 40 urteetan garatutako politiken ondorioetatik haien buruak salbatzea da G7ko partaideen helburua; komunikazio operazioa baizik ez da”.

G7a sinbolotzat duen munduaren egoera “oso larria” da plataformako kideen iritzian. Klima nahasmendua, herri eta klase sozialen arteko desberdintasunen emendatzea, gerlak, berhatutako migrazioak, autoritarismo, erlijio fundamentalismo eta ideia arrazisten hedapena, eta indarkeria matxistaren areagotzea sustatzen duten politika neoliberalak aipatu dituzte, besteak beste, egoera horren ezaugarri gisa. “Gizadiaren parte handi bati oinarrizko eskubideak ukatuak zaizkio. Herri batzuk ez dira ezagutuak, edo bortizki zapalduak dira, eta beren autodeterminazio eskubidea ukatua da oraindik, baita Europaren bihotzean bertan ere”.

Beste mundu bat amets

"Beste mundu bat sortzea posible da eta premiazkoa da", G7ren kontrako plataforma sortu dutenen iritziz, eta norabide horretan Euskal Herritik ekarpena egitea da beren xedea. Azken urteetan, eredu aldaketaren aldeko mobilizazioak eta egitasmoak biderkatzen ari direla baieztatu dute, eta horregatik, G7ren presentzia errefusatu eta aldaketa sozialaren aldarriari "hauspoa" eman nahi liekete. "Justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri izanen dituen mundu baten alde" mobilizatuko dira heldu den agorrilean, eta herritarrei dei egin diete mobilizazioetan parte har dezaten. Ez dute argitu zer forma hartuko duen mobilizazioak. Deialdiarekin bat egiten duten eragileak plataforma integratzera gomitatu dituzte.

 

PLATAFORMAKO KIDEAK:

Elkarte eta herri mugimenduak: Amankomunak, Askapena, PAF!, ATTAC Pays Basque, Bake Ekintza Antimilitarista, Bilgune Feminista, Ensemble Pays Basque, Eleak Libre, GENEPI Baiona, Ikasle Ekintza, IpEH Antifaxista, Komite Internazionalistak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zutik,
Sindikatuak: ELB, ESK, Etxalde, HIRU, LAB, STEILAS, Solidaires,
Mugimendu politikoak: Aitzina, Antikapitalistak, EELV, EH Bai, EH Bildu, Ernai, Euskadiko Partidu Komunista, Ezker Anitza, Gazte Komunistak, Indar Beltza, Les Insoumis-e-s, NPA PB, Sortu

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna