Krimea

Trumpek bertan behera utzi du Putinekin zuen bilkura

Krimeako egoera "konpondu" arte ez dela Putinekin bilduko esan du AEBetako presidenteak. NATOri Itsaso Beltzera gerraontzi gehiago bidaltzeko eskatu dio Ukrainak, baina Aliantza Atlantikoak erantzun dio nahikoa presentzia baduela han dagoeneko.

Melania Trump eta Donal Trump gaur, Washingtonen, G20ren bilkurara joateko hegazkinera igo aurretik. SHAWN THEW, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2018ko azaroaren 29a
18:57
Entzun

Buenos Airesen egitekoa duten G20aren goi bilerara bidean zela egin du iragarpena Donald Trumpek, ohi duen gisan, Twitter bidez: "Kontuan hartuz itsasontzi eta marinelak ez direla Errusiatik Ukrainara itzuli, erabaki dut alde guztientzako onena dela bertan behera uztea Argentinan Vladimir Putin presidentearekin egitekoa nuen bilera". Ordubete lehenago, hegazkinera igo aurretik, kontrakoa iradoki die kazetariei: "Uste dut oso momentu ona dela [Putinekin] biltzeko". Gaur goizean bertan, Kremlinek ere baieztatua zuen Trumpekin "aurrez aurre" biltzekoa zela Putin.

Kremlinek erantzun du oraindik ez duela jakinarazpen ofizialik, "txio bat bakarrik". Dena den, bilkura bertan behera geratzen bada, Putinek beste "probetxuzko" bilera batzuk egiteko denbora gehiago izango duela adierazi du Dimitri Peskov bozeramaileak.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotzen ari da joan den igandeko gertakarien ondoren. Errusiak Ukrainako armadako hiru itsasontzi antzeman zituen Itsaso Beltzean, Krimeatik gertu, eta bi herrialdeek elkarri leporatu diote probokazioa bilatu izana. Ukrainako presidente Petro Poroxenkok, gainera, salbuespen egoera ezarri du herrialdean abenduaren 26ra arte. Besteak beste, ukrainarrak ez direnei Krimeako Barruti Federalerako sarrera itxi die Poroxenkoren gobernuak —Errusiaren parte da Krimeako penintsula 2014tik, baina Ukrainatik dauka lurreko sarrera—.

Ez hori bakarrik. NATOri ere egin dizkio eskaerak Ukrainak, Errusiaren balizko "eraso militar" bat argudiatuta: Itsaso Beltzean duen presentzia areagotzeko eskatu dio, gerraontzi gehiago bidaltzeko —itsaso horrek banatzen ditu Errusia eta Ukraina—. NATOren bozeramaile Oana Lungescuk, ordea, erantzun du nahikoa presentzia badutela han dagoeneko Krimeak Errusiarekin bat egin zuenetik, ohikoa dela NATOren indarrek  inguru hartan patruilatzea; bai itsasoz, bai airez.

Alemaniari ere egin dio eskaera bera Poroxenkok, baina hark ere ezezkoa erantzun dio. "Ulertzen dut Ukrainan dagoen kezka", esan du Heiko Maas Atzerri ministroak, Errusiak "neurriz kanpoko" erantzuna eman duela iritzita. "Baina guk ez dugu nahi gatazka militarizatzea, prozesu politiko bat baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.