Enpresak

CAFek 225 milioi euroren kontratuak egin ditu

Trenen eta autobusen hornikuntza eta fabrikazioa, eta unitateen birgaitzearekin eta seinaleztapenarekin lotutako proiektuak dira lortutakoak.

Solaris CAFen adarraren autobusa, Letonian saldua. MARCIN GORGOLEWSKY
xabier martin
2018ko abenduaren 7a
09:34
Entzun

Translinkek eta CAFek NIIRentzat (Northern Ireland Railways) 21 tren berriren hornikuntza jasotzen duen kontratua sinatu dute; 56 milioi euroko balioa du kontratuak. 2021. urtean hasiko da entregatzen trenak Beasaingo konpainia, eta  2022ko udazkenerako sartuko dira zerbitzuan. CAFen eta Ipar Irlandako operadorearen artean 2009an sinatutako kontratuan jasotako aukerari lotuta dago kontratu berria.

Erresuma Batuko CAFeko zuzendari Richard Garnerrek esan du Translink NIRek bidaiari kopurua handitzen ari dela ikusi duela, "eta azken belaunaldiko gure trenek, sistemarik modernoenak dituztela erosotasunean eta irisgarritasunean"; segurtasuneko "estandarrik handienak" ere betetzen dituztela gogoratu du Garnerrek.

Kolonbiatik dator beste kontratu handi bat. Medellingo metroak CAF hautatu du 42 treneko sarea osatzeko. Kontratu hori 80 milioi euro ingurukoa da. 90. hamarkadaren erdialdean fabrikatutako hiru treneko 42 unitate nahi ditu Medelllingo metroak. Ibilgailu horiek, gaur egun, Kolonbiako hiriko metro sarean dabiltza. Azken urteotan, CAFek hainbat proiektu garatu du Medellineko metrorako, eta 2011. urtetik guztira 36 unitate hornitu ditu.

Medellin da biztanle gehien duten Kolonbiako hirietan bigarrena, 2,5 milioi biztanle baino gehiagorekin. Hiriko garapen jasangarria bultzatzeagatik ere bada ezaguna Medellin. Metro sarea 1995. urtean inauguratu zuten, eta herrialde osoan bakarra da. 30 kilometro baino gehiagoko sarean aritzen da, bi linea nagusirekin eta 27 geltokirekin.

Ipar Irlandatik eta Kolonbiatik, Italiara

CAFek gaur jakinarazi duen hirugarren kontratua Italian egin du. Trenitaliarekin egin du bere Intercity flotako 670 trenetan suteak antzeman eta itzaltzeko ekipoak instalatzeko. Italiako trenen operadore nazionalak, CAFen (lider gisa) eta M. General Contractor S.p.A enpresaren arteko ABEEari adjudikatu dio kontratua. Adostutakoaren oinarrizko bolumena 36 milioi euro da, baina beste 253 trenekin handitzeko aukera ere jasotzen du kontratuak.

CAFen zatiak, suteen aurkako ekipoa instalatzeaz gain, Ethernet komunikazio linea berria diseinatzea, hornitzea eta instalatzea biltzen du, eta baita homologazio probak eta zerbitzuan jartzeko lanak egitea ere. Instalatze eta proba lanak Trenitaliak dituen bost tailerretan egingo ditu CAFen Italiako filialak.

ADIFek ere bai

Bestalde, Espainiak ere lana eman dio euskal konpainiari. ADIF enpresa publikoak CAF Signalling adarrari adjudikatu dizkio 16 milioi euro balio duten kontratu bi. Lehenak jasotzen du Leongo eta Oviedoko Zirkulazioaren Kontrol Zentralizatuko (CTC) kontrol sistemak mantentzeko eta berritzeko proiektua prestatzea eta gauzatzea. Bigarren kontratuak, berriz, El Berrongo, Santanderko eta Bilboko CTC sistemak mantentzeko leta berritzeko proiektua prestatzea eta gauzatzea jasotzen ditu.

Autobusen negozioa, aurrera

Solaris enpresa erosi du aurten CAFek, autobus elektrikoaren aldeko apustu sendoa eginez, eta adar hori ere bere ekarpena egiten ari da azken asteetan. Solarisi adjudikatu diote, izan ere, Letoniako hiribururako, Rigarako, Urbino18 motako 88 autobus artikulatu hornitzeko kontratua. 2013an Solarisen eta hiriko garraio publikoko operadoreak, Rigas Satiksmek, sinatu zuten akordioaren luzapena da. Akordio horrek Solarisen 175 autobus konbentzionalez hornitzeko aukera jasotzen zuen. Kopuru horretatik, orain arte, 140 unitate entregatu dizkiote operadoreari.

Hala, kontratu berriak beste 88 autobusen hornikuntza jasotzen du, eta, horren ondorioz, operadoreak duela bost urte adostutako akordioko autobus kopurua beste 53 ibilgailurekin handitzea erabaki duela esan daiteke. Eskaera berri horren balioa 35 milioi euro ingurukoa izango da. Letonian, guztira, 528 ibilgailu hornitu ditu Solarisek, eta haietako 455 Riga hiribururako izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.