'Jaka horiak'

"Gurekin!"

Jaka Horiek laugarren mobilizazio eguna dute gaur. Miarritzeko eta Biriatuko ordainlekuetan dira goizean goizetik, handik pasatzen diren auto gidarien elkartasuna lagun dutela.

Miarritzeko ordainlekua, gaur. ISABELLE MIQUELESTORENA.
2018ko abenduaren 8a
07:57
Entzun

Miarritzeko (Lapurdi) Irati erakustazokako aparkalekuan ordua jarria zuten 09:00etan Jaka Horiek. Mobilizazio handi deitu diotenaren laugarren eguna da gaurkoa. Pixkana bilduz joan, eta, handik gutxira, hitz gehiegi trukatu gabe, bi taldetan banatu dira: batzuk Biriatuko ordainlekurantz abiatu dira, eta besteak, Miarritzekora. Zer egin behar duten argi dute denek.

Miarritzera iritsi bezain laster, Donostiarako eta Baionarako bi noranzkoetan jarri, eta kamioiak blokeatzeari ekin diote. Hasieran, kamioi batzuei pasatzen utzi diete trafikoa gehiegi ez oztopatzeko, baina, denak bazter batean jartzea lortu dutenean, autoei bakarrik utzi diete pasatzen. Ordainlekuko hesia irekita bazegoen ere, auto gidari batzuek ordaintzeko asmoa agertu dute, ezjakintasunez, baina Jaka Horiek berehala jakinarazi diete gaur dohainik zela bidesaria.

Auto gidari askok eta askok jaka horia begi bistan zuten, eta klaxona jotzearekin batera mugimenduarekin bat datozela adierazi dute, Jaka Horiek "gurekin!" oihukatu bitartean.

Pierre eta Gaelle Fabie aita-alabak hantxe zeuden goizean. Angelutik (Lapurdi) etorri dira, eta mugimendua hastapenetik sostengatzen dutela esan dute. "Macronek hitz egitea nahi dute, eta dimisioa ematea. Gure erosmen ahalmena handitzea espero dut, eta gure erretretari balioa handitzea", azaldu du Pierre Fabiek. "Mugimendu honek zerbait ekarriko duela pentsatu behar da, ez baita posible hilean 1.200 euro irabaztea; are gutxiago, bi haurrekin bakarrik zaudenean", gehitu du Gaelle Fabiek.

Nathalie Martin Baionatik dator. Gauzak aldatzea espero du: "Nik uste dut gauzak lortuko ditugula, eta, Macronek dimisioa ematen badu, ez dago inongo arazorik".

Robert Bredt duela lau urtetik bizi da Baionan. Paristarra da, eta gaurko eguna gertutik jarraitzen ari da; batik bat, Parisen zer gertatzen ari den familikoengandik ari da jasotzen. Bera ere mugimendua hastapenetik sostengatzen du, eta, azaroaren 17tik, mobilizazioetan parte hartzen ari da: "Ez naiz hor egunero, lan egiten dudalako, baina asteburuetan hor naiz". Mugimenduak duen antolatzeko modua aldatu duela nabarmendu du: "Hasieran, biribilgunetan jartzen hasi ginen, eta ni, behintzat, ez nintzen oso eroso, hor ez genuela ezer egiten sentitzen nuen. Baina ordainsarietan beste gauza bat da. Kamioiak blokeatzearekin batera, ekonomia blokeatzen dugu, eta hori garrantzitsua da presio egiteko". Boterea herriari itzuliko zaiola espero du, mugimendu honek horretarako balioko duela pentsatzen du. "Politikoek politika beraien artean eta beraientzat egiten dute, baina ez dute herriarengan pentsatzen".

Goizean Baionan klimaren alde egindako martxara ere joan dira Jaka Hori batzuk, horiek ere aldarrikapen horrekin bat egiten dutela adierazteko. Denak ez ziren ados martxara joatearekin, eta ordainsarietan jarraitu dute.

Joan den larunbatean bezala, 19:00 aldera arte ordainsarietan egongo direla adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.