Katalunia

"Batasuna" eskatu du Puigdemontek Errepublikaren Kontseiluaren aurkezpenean

Bruselan egin dute ekitaldia. Urtebete baino lehen, hauteskundeak egingo dituzte Errepublikaren Batzarra osatuko dute ordezkariak hautatzeko. Behin-behinean, Puigdemont izango da Kontseiluko presidentea.

Errepublikaren Kontseilua aurkezteko ekitaldia, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ
Hodei Iruretagoiena.
2018ko abenduaren 8a
07:49
Entzun

"Batasun aldarri bat Katalunia zeharkatzen ari da, eta aditu beharko genuke. Egiten ez badugu, zaila izango da politikatik autoritate moral bat izatea, egin behar dena egiteko. Eta hori gertatuko balitz, autoritate morala galtzen badugu, lortu dugun guztia galduko genuke. Eta asko da". Mezu argia bidali du Carles Puigdemot Kataluniako Generalitateko presidente ohi eta Errepublikaren Kontseiluko presidenteak, Bruselatik.

Urrian eratu zuten Errepublikaren Kontseilua. Orduan azaldu zutenez, Kataluniako prozesu subiranistaren auzia nazioartekotzea izango du helbururik behinena, autodeterminazio eskubidea defendatzearekin batera. Kataluniako instituzioekiko independentea izango da, eta finantzaketa pribatua edukiko du. Gaur aurkeztu dute erakundea Bruselan, eta behin-behineko zuzendaritzan izango dira, Puigdemontekin batera, Toni Comin, Lluis Puig eta Clara Ponsati kontseilari ohiak, ANCko presidente Elisenda Paluzie, Bartzelonako Diputaziko presidenteordearen ondoko Meritxel Budo, Neus Toribsco-Casals unibertsitateko irakaslea eta Democrates de Catalunyaren bozeramaile Anotni Castella.

Sei hilabete eta urtebete arteko epea du zuzendaritza horrek hauteskundeetara deitzeko. Salbu, urte erdi baino lehen milioi bat izen-emate lortzen badituzte. Izan ere, herritarrei aukera eman diete Errepublikaren Kontseiluaren parte izateko, izena emanda. Oraingoz, 40.000 bat lagun daude erregistratuta. Boz horietan, Errepublikaren Batzarra hautatuko lukete, 100 eta 150 kide artean. Batzar horrek izango du presidentea hautatzeko eskumena.

Toni Cominek aurkeztu ditu Errepublikaren Kontseiluaren bost ildoak: politikoa, nazioartekoa, juridikoa, kulturala eta jakintza arlokoa. Puigdemonten hitzetan, "espazio libre" bat sortzea dute xede, independentismoaren "batasun estrategikoa" bultzatzeko.

CUP, "logika sinbolikoaren" aurka

CUP, aldiz, kritiko agertu da erakunde horren izaerarekin, eta iragarri du ez duela parte hartuko. Izan ere, "kontrol mekanismo demokratiko eta herritarrik" ez dagoela salatu dute: "Ez dugu lagunduko logika sinboliko batean oinarritzen diren ekinbideak zilegiztatzen, haien helbururik behinena ez baita Espainiako Estatuarekiko haustura demokratikoa". Zehaztu dutenez, beti defendatu izan dute "erakundetze paralelo" bat bultzatzea, "errepresiotik babestuko dena", baina "diskrezioz eta arduraz" egin beharreko lana dela arguditatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.