Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Aspaldiko finalik "parekatuena"

Larunbatean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. 17:00etan hasiko da saioa eta Jon Enbeita bertsolariak jarriko dio txapela irabazleari.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko abenduaren 11
17:24
Entzun

Dena dago prest larunbatean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako. Urte osoko lanaren emaitza izango da Bilboko Miribilla kiroldegian jokatuko den lehia, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentearen esanetan. "Baso koloretsu baten irudia aukeratu dugu aurtengo txapelketarako, bertsolaritzaren ekosistema osoa irudikatu nahi genuelako". Baso horren adarretako bat larunbateko saioa. Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia izango dira oholtzan. 17:00etan hasiko da saioa.

Jon Enbeitak (1950, Muxika, Bizkaia) jarriko dio txapela aurtengo Bizkaiko txapeldunari. Bertsogintzan ibilbide luzea eginikoa da Enbeita: bost aldiz kantatu du Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean —1980, 1982, 1986, 1989 eta 1993. urteetan—; eta beste horrenbeste alditan izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean —1987, 1990, 1992, 1994, 1996. urteetan—. Bi aldiz izan da Araba-Bizkaiko txapelduna (Bi lurraldeak elkartuta egin zen txapelketa 1987 eta 1998 artean). Bertso idatzietan ere hainbat sari jaso ditu Enbeitak, eta musikagintzan ere ibilbide luzea egin du. Pozik azaldu da bertsolaria. "Beharbada, azken aldiko finalik parekatuena izango dugu larunbatekoa, faborito argirik gabea. Horrek are erakargarriagoa egingo du saioa".

Enbeitarekin bat egin du Etxahun Lekuek (Larrabetzu, 1980). 2016an txapela jantzi zuen larrabetzuarrak, eta nabarmendu duenez, aspaldiko finalik "zabalena" da aurtengoa. "Zortzi faborito dituen finala da. Egia da, larunbateko saiora iristeko hautagaien artean, inoiz baino izen gehiago aipatzen zirela, hemen gauden zortzi lagunenaz gain. Berdin txapelarekin ere, ez dut uste inork faborito bat edo biren izenak esango lituzkeenik, baizik eta lautik gora". Lasai dagoela dio Lekuek. "Dugun onena emango dugu".

Karrerako azterketetara nola, hala joango da Jone Uria (Algorta, 1990) finalera. "Ikasi behar nuena ikasita eta etxeko lanak eginda noa. Egunean tokatzen den galderaren arabera, eta gorputzaldiaren arabera ikusiko asmatzen dugun erantzuten. Helburua, aprobatzea baino, nota ona ateratzea izango da", azaldu du irriz. Etxerako lanak eginda, eta "prest" dagoela azaldu du Miren Amurizak (Berriz, 1990) ere. "Maila aldetik parekatuta gabiltza denok. Beraz, hemendik aurrera, bataila psikologikoa eta emozionala izango da". Ildo beretik jo du Xabat Galletebeitiak (Lekeitio, 1986). "Egindako lana erakusteko gogoz nago". Zor bat du kentzeko, ordea. "Berrizeko finalaurrekoan asko sufritu nuen. Beraz, ea sentipen horri buelta eman, eta gehixeago gozatzen dudan. Ingurukoei ere zor diegu, gurekin batera sufritzen duen jende asko baitugu denok inguruan". Saio ona egiteko helburuarekin joango da Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994) ere. Orain artekoarekin pozik, larunbateko lehiarako prest azaldu da. "Bereziki, oso lagun sentitzen dudan taldea da eta uste dut saio ona egingo dugula".

Gozatu eta gozarazi, biak ditu helburu Onintza Enbeitak (Muxika, 1979). Finalera "urduri xamar" iritsi dela aitortu du, "beti ez gara berdin egoten". Nolanahi ere, hankak lurrean dituela joango da finalera. "Gainontzekoek bezala, dudan onena emango dut nik ere". Eneko Abasolo Abarkas-ek (Iurreta, 1976) aitortu du urteko momenturik onenean dagoela, "eta larunbatean, are hobeto egongo naiz". Bidea luze egin zaiola azaldu du. "Hemen gauden zortzi bertsolarietatik sei, finalaurrekoetan sartu ziren txapelketara. Aitor [Bizkarra] eta biok, aldiz, udaberritik ari gara lehian, eta luze egiten da". Lehen finala du Aitor Bizkarrak (Abadiño, 1996), eta pozik azaldu da horregatik. "Saiatuko naiz ausart jokatzen eta gozatzen, nire buruari helburu handiegirik jarri gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.