AZKEN ORDUKOA

Jorge Aldekoa ertzainburuak dimisioa eman du, 'Cabacas auziagatik'

Ertzaintzak jakinarazi duenez, dimisioa eman du Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak. Cabacas auziko epaiak, "zuzenean ardura inoren gain" ezartzen ez badu ere, "Ertzaintzaren eta garaiko Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren antolakuntza interpelatzen" duela esan du Aldekoak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari aurkeztutako oharrean.

Jorge Aldekoa, artxiboko argazkian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2018ko abenduaren 14a
07:08
Entzun

Ertzaintzak jakinarazi duenez, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak dimititu egin du, Cabacas auziko epaiaren ondoren —bost ertzain epaitu zituzten, eta bakarra zigortu zuten, bi urtera; ez du espetxera joan beharko—. Aldekoa ez zuten auzipetu. Iñigo Cabacas Lizeranzu hil zutenean Deustuko ertzain etxeko arduraduna zen Aldekoa, eta handik gutxiera izendatu zuten Poliziaren buru nagusi, 2013ko azaroan.

Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, Aldekoak aitortu du Cabacas auziko epaiak, "zuzenean ardura inoren gain" ezartzen ez badu ere, "Ertzaintzaren eta garaiko Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren antolakuntza interpelatzen" duela. "Sententziak esplizituki aipatzen ditu, epaimahaiaren ustez, gertatu ziren akatsak, praktika txarrak, ekintzarik eza...".

Aldekoak gogora ekarri du, Cabacas hil zutenean, hilabete gutxi zeramatzala Deustuko ertzain etxeko arduradun. "Nahiz eta denbora gutxi izan, unitate horretako ertzainen erantzuna egokitzen joateko probestu nahi izan nuen, bereziki ordena publikoarekin zerikusia zuten heinean, intuizioa genuelako egoera berri bat zetorrela, aldi hartan, behin betikoa zirudiena".

"Egokitze" hori egiten ari zirela argudiatu du Aldekoak, baina azaldu duenez, "zoritxarrez, egun hartan gertatutakoak agerian utzi zuen arduradun izan gintezkeen askotariko aktoreek, zentzu zabalean hartuta, ez genuela aldaketa horretan nahikoa bide egin". Ondorioz, "ohiturazko enfrentamendu erritua errepikatu zen", Aldekoaren hitzetan: "Emaitza izan zen Iñigo Cabacasen heriotza injustu eta onartezina".

Amaitzeko, Aldekoak azaldu du, erabaki horrekin, "urte guztiotan landutako baloreak" partekatu nahi izan dituela herritarrekin, "bereziki, Ertzaintzako buru izendatu nindutenetik landutakoak".

Beltran de Heredia eta Goirizelaia

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, berriz, eskertu egin du Aldekoak Ertzaintzaren buru gisa egindako lana. Hark eta haren taldeak "Ertzaintzaren plan estrategikoa ezartzen funtsezko ekarpena" egin dutela esan du, "Euskadik gaur egun segurtasun publikoaren arloan dituen beharretara egokitutako polizia eredu aurreratua" lortzeko bidean.

“Sorpresaz hartu dugu dimisioa planteatzea", esan du Euskadi Irratian Jone Goirizelaia Cabacas Lizeranzu familiaren abokatuak, Cabacasen gurasoekin hitz egin ondoren. Ez ditu harritu, ordea, Aldekoaren argudiaketak. "Sententziak esaten du gauzak oso gaizki egin zirela, egin beharreko gauza asko ez zirela egin, eta arduradunak ez zirela bakarrik gertaeren unean bertan zeudenak, baizik eta operatiboa prestatu zutenek ere ardura zutela. Uste dut hori irakurri duela Aldekoak, eta horren ondorioz planteatu duela dimisioa".

2014an ere dimititu zuen

2013an Ertzaintzaren buru izendatu zuten Aldekoa, eta 2014ko apirilean, Iñigo Gogoan herri ekinbideko kideek 22.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean, Aldekoa Ertzaintzako buru nagusi izendatzeko erabakiaren aurka.

2014ko azaroan ere eman zuen dimisioa Aldekoak, Ertzaintzako buru izendatu eta urtebetera. Kategorien auziagatik izan zen kasu hartan, intendente kategoria galduta, lehengo komisario kategoriara itzuli zen, eta horregatik aurkeztu zuen dimisioa. 2011ko azterketan intendente kategoriako hamar postu zeuden jokoan, eta 10. postua lortu zuen Aldekoak. Haren atzetik geratu zenak, ordea, puntuazioaren aurkako helegitea jarri zuen, eta onartu egin zion auzitegiak. 2015eko uztailean, berriz izendatu zuten ertzainburu.

Manifestazioa igandean

Iñigo Justizia ekinbideak, berriz, erabakia "berandu" datorrela salatu du, eta ez dela "nahikoa": "Dimisioak ez dezala funtsezkoa dena estali: Iñigoren hilketaren ondoren ukitu ere ez da egin polizia eredua".

Hainbat protesta egin dituzte Cabacasen senide eta lagunek sententzia salatu eta "justizia zaborra" gaitzesteko. Herenegun, esaterako, Deustuko ertzain etxearen aurrera, eta Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzara eta Justizia Jauregira eraman zuten salaketa. Igandreako, manifestaziora deitu dute Bilbon, "berriro gerta ez dadin". 12:00etan irtengo dira gaur elkarretaratzea egin dute leku beretik —epaitegi aurretik—, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrera joateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.