Onintza Enbeitak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Lehen aldiz, emakume batek jantzi du txapela. Bigarren tokian Etxahun Lekue geratu da, eta hirugarrenean, Xabat Galletebeitia. Bilbo Arena bete egin da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako.

2018ko abenduaren 15a
07:13
Entzun

Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue igaro dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako buruz burukora. Hauxe izan da kartzelako gaia bi bertsolarientzat: "Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu". Eta Enbeitak bikain erantzun dio erronkari:  "Galdera danen erantzuna da/ sarritan geure barrena/ Baina nik nori eskatu behar/ deutsat ba orain baimena?/ Neure barrutik atera nahi dot/ behinola izan nintzena".

Ondo egin du Lekuek ere, baina poto bat ere egin du urduritasunak bultzatua. Bera ere ohartu da egindakoaz, baina bikain irauli du egoera. Dena den, hutsegitea erabakigarria izan da irabazlea ebazteko, eta hori bera izan du kantugai azken bertsoan ere: "Montaña rusan ibili bainaiz eta azkenean lurra jota".

843,5 puntu eskuratu ditu Enbeitak, eta bera da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi duen lehen emakumea. Osabak, Jon Enbeitak jarri dio txapela bizkaitarrari. Emozioz gainezka eta txalo artean hartu du hark saria. "Balentin zu izan zinen / gurean lehen txapelduna / gero etorri zan osaben ta lehengusuen eguna / orain etxeko txikia / bihotza ostu eutsuna / makila eskuan dago / erdi negarren tuntuna / 16 urtetik plazan / gaur lora, bihar asuna / zuen altzoan egin naz ni / neska bat ahalduna / sentituarazi nozuen hain etxeko kuttuna/ plazaz plaza bueltau nahi dot / jaso dodan maitasuna".

Arratsaldeko bostetan puntuan zabaldu dituzte Bilbo Arenako ateak. Bete egin dira eserlekuak. Zortzi bertsolari gazte baina trebatu aurrez aurre: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.

Guztiek egin dute lan bikaina, eta ezustekoren bat edo beste eraman dute bertan bildu direnek. Asko izan dira Aitor Bizkarraren lana goraipatu dutenak. Baina soilik Enbeitak eta Lekuek lortu dute azken aurrez aurrekora igarotzea. Erabakia jakin denean, Bilbo Arena ez ezik, sare sozialak ere lehertu egin dira:

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.