Gizartea

Osakidetzako Anestesiologiako azterketak ez dituzte errepikatuko, behin-behinean

Gasteizko epaitegi batek ebatzi du azterketarik ez egitea, behin betiko epaia eman bitartean. Irregulartasunak salatu zituen medikuetako batek adierazi du Osakidetzak eta Osasun Sailak "mendekua" abiarazi duela haren aurka.

Osakidetzako lan eskaintza publikoa.
Osakidetzako lan eskaintza publikoa. Marisol Ramirez / Foku

Jon Rejado -

2018ko abenduak 19

Osakidetzako Anestesiologiako azterketak ez dituzte errepikatuko, oraingoz. Hala erabaki du Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3. epaitegiak. Azterketak errepikatu behar zituzten aurreko deialdian antzemandako irregulartasun salaketak zirela eta. Ordea, kasua behin betiko argitu bitartean halakorik ez egitea erabaki du aipatu epaitegiak. Albistearen berri eman du ESK-k Eusko Legebiltzarrean, gaur goizean.

Agerraldian Roberto Sanchez egon da, irregulartasunak salatu zituen medikuetako batek. Sanchezek salatu du Osakidetzak zein Osasun Sailak “mendekua” abiarazi duela haren eta beste bi salatzaileen aurka. Horretarako “estalpeko kaleratzeak” baliatzen ari direla zehaztu du. Halaber, hausnartu du EAJk "oso zainduta" dituela salaketa egin zuten hiru sendagileak.

Bestetik, Osakidetzak jakinarazi du “errespetu osoz” hartzen duela gaur ezagutarazi den erabakia. Halaber, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak nabarmendu du ebazpen horrek ez duela auziaren mamia epaitzen. “Behin-behineko neurria da, behin-betiko epaia eman artekoa”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna