Distira handi batek zeharkatu du Euskal Herriko zerua

Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ikusi dute zerua zeharkatu duen distira handi bat. Burrunba edo leherketa bat ere entzun dute hainbat lekukok. Su bola bat izan litekeela uste dute adituek. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kamera batek hartu dio irudi bat.

@alberto_mendi97 erabiltzaileak zabaldu du irudia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kamera batek hartua.
2018ko abenduaren 23a
08:14
Entzun

Ilargi betea zen atzo, eta neguko solsztiziorako sarrera. Baina zerura begiratzeko aukera izan duten dozenaka pertsonak, ilargiaz aparte, distira handi bat ere ikusi dute. 22:15 aldean izan da. Tximista bat zela iruditu zaio askori, baina ez da ohiko distira edo izar uso bat izan. Harridura eragin du ikusi dutenen artean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak meteoroak atzemateko jarria duen kamerak hartu dio irudi bat. Alberto Mendi erabiltzaileak adierazi du su bola bat izan dela. Kamerak 22:12an hartu du irudia: horizontalean ikusten da. Goitik beherako argia ilargi betea eta haren distira dira.

Su bolak meteoro batzuk dira, su itxurako bola baten tankera eta distira handia egiten dutenak, eta atzean argi buztan bat uzten dutenak. Lurraren atmosferarekin talka egitean lehertu egiten dira normalean, eta burrunba handia sortzen dute momentu horretan. Hori sentitu dute lekuko askok, antza.

Maialen Huarte Euskalerria irratiko kideak deskribapen xehea eman du: "Izar uso erraldoi bat bezala izan da. Hiru zatitan bereizi da, suarekin, eta argi berde-berdearekin. Eta hortik tarte batera, eztanda Beriain atzean". Iruñea aldean zarata handi bat ere entzun baita, distirarekin batera. Lekuko batzuek aipatu dute Etxarri Aranatz aldean (Nafarroa) entzun dela leherketa gisako bat; beste batzuek Beriain ingurua aipatu dute, eta beste batzuek Goierri aldean entzun dute, Gipuzkoan.

Nafarroako larrialdi zerbitzuetan galdetuta, ez suhiltzaileek ez foruzainek ez dute jaso deirik gertaera honen inguruan. Oraingoz ez dago gertatutakoari buruzko azalpen ofizialik. Aditu batzuek sare sozialetan aipatu dute su bola bat izan zitekeela. Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendaria kasua ikertzen hasi da, eta lekukotzak eskatu ditu:

Euskal Herrian oso nabarmen ikusi dute argi hori, bederen: Bizkaian, Bilbon eta Sopelan izan dira lekukotzak; eta Gipuzkoan, Donostian, Buruntzaldean eta Goierrin; Nafarroan, Sakanan eta Iruñerrian, baita Lekunberrin eta Agoitzen ere, beste leku askoren artean. Urrunago, Bartzelonan eta Lleidan ere izan ditu lekukoak distira horrek.

Hain justu, hilabete honetan meteoro euri bat iragarria zegoen, geminiden erauntsia. MIDAS proiektuak, esaterako, azkeneko egun hauetan teleskopioarekin ikusi ahal izan du geminida horietako bat, ilargiaren kontra talka egiten eta krater berri bat sortzen.

Meteoroak sarri agertzen dira zeruan, eta gehienetan atmosfera ukitzean desegiten dira, baina tarteka lurrera ere jausten dira zati batzuk. Aste honetan Kalifornian ikusi dute bat, eta hilabete hasieran, Mexikon, Popocatepetl sumendiaren kontra erori zen beste bat. Groenlandian beste meteorito bat jausi zen, uztailean. Eta Australian, AEBetan, Europan, Errusian... eta beste leku askotan ere meteoroak ikusi dituzte zeruan kiskaltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.