AEB-ak

Pentagonoak formalki hasi du tropak Siriatik ateratzeko prozedura

Donald Trump AEBetako presidenteak azkartu egin du Jim Mattis Pentagonoko buruaren ordezkatzea. Patrick Shanahan izendatu du behin-behineko Defentsa idazkari.

Jim Mattis Pentagonoko burua. Urtarrilaren 1ean ordezkatuko du Patrick Shanahanek, Donald Trump AEBetao presidenteak atzo iragarri zuenez. ERIK S. LESSER, EFE
2018ko abenduaren 24a
09:56
Entzun

AEBek Sirian dituzten 2.000 soldaduak beren herrialdera itzultzeko prozesua hasi du formalki Pentagonoak. Agindua sinatuta dagoela adierazi du EFE berri agentziak, Pentagonoko iturriak aipatuta. AEBetako agintari militarrek ez dute, ordea, tropen erretiratzearen epeei buruzko xehetasunik eman.

CNNren arabera, Jim Mattis generalak sinatu du agindua. Mattisek karguari uko egin zion joan den ostegunean, eta otsailaren 28rako zegoen aurreikusita haren kargu uztea. Aldiz, Mattis azkarrago ordezkatzea erabaki du Trumpek. Aurreratu duenez, Patrick Shanahan izango da Mattisen ordezkoa. Behin-behineko Defentsa idazkari berriak urtarrilaren 1ean hartuko du ardura bere gain. AEBetako presidentearen Twitter kontu ofizialetik eman zuen Trumpek erabakiaren berri.

Trumpek tropen itzulera iragarri hurrengo egunean egin zion karguari uko Mattisek. Presidentearekiko kritiko agertu zen orduan, eta kezka agertu du AEBek Sirian dituen aliatuekiko izan duen jarrerarekin. Mattisek nabarmendu du AEBek "errespetuz" jardun behar duela bere aliatuekin, "erabakimenez" eta "argi" jokatu behar duela lehiakideekin. Azken horien artean aipatu zituen Txina eta Errusia.

Tropak Siriatik aterako zituela iragarri zuenean, Trumpek nabarmendu zuen EI Estatu Islamikoa garaitzea lortu zutela eta hori zela armada Sirian mantentzeko arrazoi bakarra. AEBetako soldaduek nazioarteko koalizio batean parte hartu dute Sirian. Koalizio hori elkarlanean aritu da milizia kurduekin, EIren aurka.

Armada estatubatuarraren presentziarik gabe, Trumpek Sirian "hutsunea" utziko duela kritikatu du Mattisek. Ohartarazi duenez, "El Asadek edo bere laguntzaileek" egoera baliatu dezakete. Horrez gain, kurduak "arriskuan" utziko dituela gaineratu du, Turkiak kurduen lurretan esku har dezakeela iritzita. Aliatuak ere kezkatuta agertu dira.

AEBetako tropak erretiratu ondoren, EI berriz indartu daitekeenaren kezka azaldu dutenei erantzunez, Trumpek ziurtatu du Turkiak eragotziko duela hori. Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi duenez, abenduaren 14an Trumpi hitz eman zion Siria "garbitzeaz" arduratuko zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.