Gizartea

Adingabeen aurkako sexu abusuak preskribatu arteko epea luzatu nahi du Espainiako Gobernuak

Delitu larrienen kasuan biktimak 50 urte izan arte salatu ahal izatea proposatu du Pedro Sanchezek; gaur egun delituak preskribatzen du, gehienez, biktimak 33 urte dituenean.

Adingabeen kontrako abusuak salatzeko manifestazioa, Getxon. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Rejado.
2018ko abenduaren 28a
14:02
Entzun

Haurtzaroa eta nerabezaroa indarkeriaren aurrean babesteko Lege Organikoaren aurreproiektua onartu du Espainiako Ministro Kontseiluak. Lege proiektu horrek zenbait neurri jasotzen ditu adingabeei babes handiagoa emateko indarkeria jasan duten kasuetan. Espainiako Kongresuak eztabaidatu beharko du proposamena.

Gaur aurkeztutako testuak proposatzen duen aldaketa nagusietako bat adingabeen aurkako sexu abusuak preskribatzeko epeari dagokio. Delitua preskribatzen hasiko da biktimak 30 urte betetzen dituenetik aurrera, eta, hortik aurrera, delituaren larritasunaren arabera, 10 eta 20 urte bitartean amaituko da delituak epaitzeko aukera. Hau da, erasoa jasan zuen pertsonak 40 edo 50 urte dituenera arte salatu ahalko du.

Indarrean dagoen araudiaren arabera delitu adingabeen aurkako sexu abusuak preskribatzeko epea zenbatzen hasten da adingabeak 18 urte betetzen dituenetik. Halaber, preskribatzeko epea 5 eta 15 urte artekoa da. Hau da, erasoa jasan zuen pertsonak 33 urte bete ostean ez dago delitua epaitzerik.

14 urtera arte, behin deklaratu

Neurri horrez gain, beste hainbat neurri jaso ditu Espainiako Gobernuaren proposamenak. Besteak beste, 14 urte baino gutxiago dituzten haurrek behin baino ez dute deklaratu beharko auzibidea hasten denetik. Zenbait elkartek salatu dute, gaur egun, lau aldiz ere azaldu behar dutela gertakarien nondik norakoak, pertsona ezberdinen aurrean.

Horrez gain, testuak jaso du indarkeri zantzuak antzematen dituen edozein pertsonak gertatutakoa salatu beharko duela. Salaketa egiterakoan anonimotasuna eta konfidentzialtasuna bermatuko zaio salatzaileari, proposamenean jasotakoaren arabera.

Lege aurreproiektuak zenbait neurri jasotzen ditu ikastetxeei, osasun zentroei, kirol arloko espazioei eta aisialdiko eremuei begira. Horietan guztietan edozein indarkeri motaren aurkako protokoloa izan beharko dute.

Ikastetxeen kasuan adingabeen ongizate eta babeserako arduradun bat izendatu beharko dute. Horrek bi zeregin nagusi izango ditu: elkarbizitza sustatzeko tresnak abiarazi, eta adingabeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lan egin.

Ministro Kontseiluak onartutako testuak adingabeen aurkako indarkeria definitu du. Horren barruan tratu txar fisikoak, psikologikoak eta emozionalak jasotzen ditu. Horien barruan daude, besteak beste erasoak edota sexu abusuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.