Kongoko Errepublika Demokratikoa

Irregulartasunak salatu ditu oposizioak Kongoko hauteskundeetan

Gatazka giroa areagotu egin da azken asteetan, eta bi hildako izan dira gaur. Oposizioarekin egindako akordio baten ondorioz, Kabila presidentea ez da bozetara aurkeztu.

Herritar bat botoa ematen, Kinshasan. STEFAN KLEINOWITZ
2018ko abenduaren 30a
09:26
Entzun

Euriteengatik, atzerapenarekin hasi dituzte hauteskundeak Kongoko Errepublika Demokratikoan. Lurhala herrian bi hildako izan dira Amato Bayubasire diputatuak jakinarazi duenez. Liskarrak sortu dira herritarren eta polizia baten artean, herritarrek salatu dutenean gizon bat gobernuaren aldeko hautagaiari botoa emateko presio egiten ari zela; poliziak gazte bat hil du tiroz, eta zenbait boto-emailek polizia hil dute ondoren, betiere Bayubasirek hedabideei emandako informazioaren arabera. Beste bi lagun ere zauritu dira liskar horretan. Oposizioa iruzurra salatzen hasia zen hauteslekuak itxi aurretik.

"Leku guztietan irregulartasunak" izan direla kritikatu dute; besteak beste, boto emaile batzuen izenik ez zela zerrendetan ageri, eta botoa elektronikoki emateko makinek etengabe huts egin dutela. Gotzain Katolikoen Elkarteak, esaterako, 12.300 mahai ikuskatu dituela azaldu du, eta horietatik 544 lekutan atzeman dituztela irregulartasunak.

Lurhalako gertakariez gain, indakeriazko gertakari bakarra Kananga hirian izan da, herrialdearen erdialdean, Reuters agentziaren arabera; mahai bateko ordezkari bat jipoitu dute zenbait hauteslek, iruzur egiten ari zelakoan.

Kongoko Bigarren Gerra 2003an bukatu bazen ere —II. Mundu Gerraz geroztik biktima gehien eragin duen gatazka—, gatazka larria bizi dute oraindik ere. Hauteskunde eguna hurbildu ahala, areagotu egin da indarkeria giroa. Mendebaldeko Mai-Ndombe probintzian, adibidez, ehundik gora herritar hil zituzten joan den astean etnien arteko borroketan. Kinshasa hiriburuan, berriz, liskarrak piztu ziren hauteskunde kanpaina eteteko aginduaren ondoren.

1965etik, Mobutu Sese Sekok eta haren etsai ziren Kabila aita-semeek baino ez dute agindu herrialdean. Azken hamazazpi urteotako presidentea, Joseph Kabila, ezin izan da aurkeztu bozetara, oposizioarekin egindako akordio batek hori onartzera behartuta. Gatazka zibil ireki bat eragoztea izan zuen helburu akordio horrek, Kabilaren agintaldiak 2016an bukatu behar baitzuen, eta ezin baitzen berriz aurkeztu, baina botereari eutsi zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.