Pilota

Miguel Gallastegi pilotari ohia hil da

Historiako pilotari handienetakoa izandakoa 100 urterekin zendu da gaur. Buruz buruko hiru txapela irabazi zituen, 1948 eta 1951 artean.

jarraia161138.jpg
2019ko urtarrilaren 4a
09:44
Entzun

Miguel Gallastegi pilotari ohia zendu da, gaur, 100 urterekin. Historiako pilotari onenetakoa jotzen dute zale askok atzelari eibartarra. 1918ko otsailaren 25ean jaio zen, eta 18 urterekin egin zuen debuta esku pilota profesionalean, 1936ko ekainaren 29an, Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa).

Altxamendu faxistak piztutako gerrak bere ibilbidea eten zuen. Miliziano aritu zen Amuategi batailoian, eta jatekoa eramaten zien Kalamuako lubakietako kideei. Frankistak sartu zirenean, ordea, haiekin soldadu joatera behartu zuten. Gaixo jarri eta bost hilabeterako bidali zuten etxera eta orduan egin zen pilotari. "Zorte ikaragarria izan nuen", adierazi zuen Gallastegik.

40ko hamarkadaren amaieran eta 50eko hasieran izan zuen garairik oparoena. Hiru txapel irabazi zituen buruz buru 1948 eta 1951 urteen artean. Lehena, Atano III.ari irabazi zion 22-06, Beragarako pilotalekuan (Gipuzkoa), 1948 urtean. 1950ean eta 1951n, berriz, Akarregiri irabazi zizkion bi final; 22-15 eta 22-14, hurrenez hurren.

Buruz buruko finalerako sailkatu zen 1953an ere. Barberito I.aren kontra jokatu behar zuen finala. Baina Gallastegik uko egin zion jokatzeari, enpresarekin ez zelako ados jarri diru kontuetan.

Gallastegiren esanetan, Arrasateko Ezkerraren kontra jokatu zuen "inoizko partidarik onena", 1944an. 22-0 irabazi zion. "Biok ondo jokatu genuen, baina batek irabazi behar".

Lapurdin ere zenbait partida jokatu zituen horma bakarrean. Aldi horretan jokatu zuen Joan Bautista Haranbillet ezpeletarraren kontra. Haranbillet munduko txapeldun izan zen 1944an. Gallastegik irabazi egin zion buruz buru. Eibartarraren esanetan, Hegoaldean baino hobe jotzen zen Iparraldean, 1943 eta 1950 urte bitartean.

Jose Antonio Agirre orduko Eusko Jaurlaritzako lehendakaria joan zen Gallastegiren partida bat ikustera Lapurdira, eta elkarrekin bazkaldu zuten. Horrek arazoak ekarri zizkion Hego Euskal Herrira itzuli zenean. Enpresariek kartzelan sartzeko eskatu zuten, lehendakariarekin biltzeagatik. Gallastegiren arabera, 1953ko finala ez jokatzeagatik zigortu nahi zuten.

BERRIAk Gallastegiri eginiko elkarrizketa argitaratu zuen iazko otsailaren 25ean, pilotari ohiak 100 urte bete zituen egunean. Gallastegik, besteren artean, adierazi zuen egungo pilotariek ez dutela bere garaikoek besteko indarrik.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.