Iruzurra

Errugabea dela deklaratu du Ghosnek

Nissanen salaketak "bidegabeak" direla esan du, Japoniako epaitegi batean.

Ghosnen deklarazioaren telebistako irudi bat, Tokyoko kaleetan. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 8a
13:34
Entzun

Azaroaren 19an atxilotu zuten Carlos Ghosn Nissaneko eta Renaulteko buruzagia, Tokyon. Nissanek dirua bere onerako desbideratzea eta irabazitakoa ez deklaratzea leporatu zion, eta egun batzuetara kargutik bota zuen. Renaulteko lehendakari izaten jarraitzen du, Frantziako konpainiaren barne ikerketa batek ez duelako irregulartasunik aurkitu haren jokabidean.

Bi orduko deklarazioa egin du Ghosnek, lehenengoa atxilotu zutenetik. "Modu bidegabean akusatu naute, eta modu bidegabean atxilotu, fundamenturik gabeko akusazioengatik", azaldu zuen, Reuters agentziaren arabera. Ukatu egin zuen Nissanek ordaindutako dirua ezkutatu ziela Japoniako merkatuen gainbegiratzaileei.

Tokioko Fiskaltzaren arabera, 2011 eta 2015 artean Ghosnek eta Nissanek adostu zuten enpresak 9.855 milioi yen (76,5 milioi euro) ordainduko zizkiola bere buruzagiari. Ghosnek, ordea, diru horren erdia baizik ez zien aitortu Japoniako ogasunari eta burtsaren arautzaileari. Fiskaltzak zehaztu ez duen arren, auziari gertutik erreparatu dioten iturriek ziurtatu dute aitortu ez zuen zatia erretiroaren ondoren jaso beharrekoa zela.

Atxilotu aurretik ospe handiko pertsonaia zen Ghosn enpresa munduan, eta, batez ere autogintzan. Cost killer edo kostuen hiltzailea goitizena jarri zieten, kostuen murrizketa sakonen bitartez Nissan porrotetik salbatu zuelako. Nissanen eta Renaulten arteko aliantzaren bultzatzaile nagusia izan da Ghosn, eta batasun hori sakondu nahian zebilen. Nissaneko beste buruzagiek mesfidantzaz ikusten zuten mugimendua, Renaulten menpe geratzeko arriskua ikusten zutelako, marka frantziarra txikiagoa izan arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.