Hiesa

Musuka ireki zuen hiesaren aurkako bidea

Fernando Aiuti immunologo italiarra hil da, 83 urterekin. 1991n, Rosario Iardino hiesdunari ahoan musu emateagatik egin zen ezagun. Hiesaren inguruko aurreiritziak aldarazi nahi izan zituen horrela.

Iardino eta Aiuti, 1991n. ANSA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urtarrilaren 10a
09:00
Entzun

Keinu bat, besterik ez da behar sarri historian eragiteko. Musu bat ezpainetan, adibidez. Harrabotsa sortu zuen, ordea, bere garaian. 1991. urtean izan zen Fernando Aiuti eta Rosaria Iardinoren arteko musua. Gizartean zabaldutako iritzi gehienen gainetik, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak garai hartan ezarrita zituen irizpideen aurka, Aiutik erakutsi nahi zuen hiesdunekin kontaktuan egote hutsak ez zekarrela gaitza kutsatzeko arriskurik. Ikerketak aurrera egin ahala hasi ziren gainditzen aurreiritziak, eta zehaztu dira zein diren praktika arriskutsuak, eta zein ez. Atzo hil zen Aiuti, garapen horren aitzindarietakoa, 83 urterekin.

Garapen hori norainokoa izan den, Rosaria Iardinok erakuts dezake ondo. Hamazazpi urterekin kutsatu zen, eta bizi da oraindik. 52 urte ditu. "Zenbatetan eztabaidatu ote dudan berarekin...", idatzi du sare sozialetan: "Gizona eta irakaslea gogoan, hiesaren aurkako borrokan egindako ekarpen izugarria eskertu baizik ez nezake egin".

Azkenaldian gaixorik zen Aiuti, eta kardiopatia iskemiko batek jota. Eskilaretatik erori, eta kolpeak eragindako zaurien ondorioz hil da, ordea, azkenean. Erromako Gemelli ospitalean zuten ingresatuta ezbeharra gertatu denean.

Immunologoa zen Aiuti, eta Medikuntza irakasle ere aritu zen 30 bat urtez. ANLAIDS Ihesaren aurkako Italiako elkartearen sortzaileetakoa izan zen, eta presidentea. Baita Immunologia Klinikoko eta Alergiologiako Eskolako zuzendari eta irakale ere. Erromako La Sapienza unibertsitatean, berriz, Terapia Immunologikoen Zientziak Ikertzeko doktoratutza koordinatu zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.