Euskal presoak

Davok aitortu du biktimen elkarteek eragina dutela Frantziaren espetxe politikan

Frantziako Justizia Ministerioko kabineteko arduradunak Mediabask-i esan dio euskal ordezkaritzarekiko elkarrizketa ez dagoela blokeatua.

Helene Davo, pasa den urriaren 1ean, Madrilen, Pedro Sanchezen aldetik oroigarri bat jasotzen. MARISCAL, EFE
2019ko urtarrilaren 10a
12:17
Entzun

Helene Davo Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioko kabineteko arduradunak Mediabask-i emandako elkarrizketa bateanKazeta.eus-ek euskaratu du— aitortu du Parisen espetxe politikarako garrantzitsua dela ETAren biktimen elkarteen iritzia. Iazko otsailetik 24 euskal preso gerturatu ditu Frantziak, eta, falta diren hamahiruak hurbilduz gero, elkarteok kalean mobilizatuko  liratekeela uste du Davok. Kasurako, bereziki aipatu du biktimen elkarteok ez luketela onartuko Garikoitz Aspiazu eta Mikel Karrera hurbiltzea Euskal Herrira. Nabarmendu du biktimei ez dagokiela legea egitea eta haiek ere ez dietela ezer agintzen, baina uste du oreka bat lortu behar dela. 

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak abenduaren 14an adierazi zuen "etenda" dagoela Parisekin duela urtebete pasatik daukan elkarrizketa. Davok Mediabask-i esan dio bere iritzian elkarrizketa ez dagoela blokeatua, eta azpimarratu du ministerioaren jarrera hasierako bera dela: legedia oinarri hartu eta euskal presoen kasuz kasuko azterketa —ezarritako zigorra, arrisku maila, kartzelako jarrera...—.

Euskal ordezkaritzak Frantzian preso dauden hamar euskal emakumeak kartzela batean batzea ere galdegin du —haientzako modulurik ez dago Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen—, baina Parisek ez du pausorik eman oraindik. Rennesen batzea litzateke aukera bat, baina, Davok dioenez, ez dago eskaera formalik. 

Garikoitz Aspiazu (Arles), Jakes Esnal (Saint Martin-de-Re) eta Aitzol Iriondo (Moulins) bakarrik daude euren espetxeetan, eta Davok adierazi du Justiziak aurkitu beharko duela aterabideren bat. DPS estatusaz ere mintzatu dira elkarrizketan: oraindik hamabi presori ez diete kendu, eta Justizia Ministerioko arduradunak esan du aferak garapen baikor bat izan dezakeela. Baldintzapeko askatasunez, azaldu du ministerioak ez duela erabakitzeko ahalmenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.