Azkuna zentroa

Gizartearen eta kultura garaikidearen "lokailu" bihurtu nahi dute Bilboko Azkuna zentroa

2019-2023 urteetarako ondu duten proiektu estrategikoa aurkeztu du gaur Fernando Perez zuzendariak.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko urtarrilaren 15a
13:56
Entzun

Misioa da argitu dutena. Argi azaldu Fernando Perez zuzendariak: “Azkuna zentroa zer den galdetzean, zer dagoen azaltzen du jendeak: ‘badago igerilekua, kiroldegia, mediateka bat...’, baina zer garen horretan egin nahi dugu indar: gizartea eta kultura garaikidea lotzeko espazioa izan nahi dugu, eta espazioa eta programa norabide horretan egokituko dugu”. Joan den urteko maiatzean hartu zuen Perezek Azkuna zentroaren gidaritza, eta zentroa “berritzeko” gogoeta prozesua abiatu zuen berehala. Gaur eman dute datozen bost urteetarako plan estrategikoaren berri.

Gizarte eta kultura garaikidea “zentroan” jarriko dituela azaldu du Perezek. “Programazioa egokitu dugu. Sei ildo izango ditu: arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus entzunekoak, gizartea, kultura digitala eta literatura”. Orain arteko hainbat ekitaldi mantenduko dituzte, baina baita berriak sortu ere: hezkuntza eta ikerkuntza bultzatzeko Akademia izeneko programa sortuko dute, eta kultura eta gizarteaz hausnartzeko, aldiz,Hitza 22 egitasmoa. “Hitza 22 foroan adierazpen artistiko guztiek izango dute tokia eta jakintza arloen arteko lotura landuko dugu”. Fatxada programa ere jarriko dute martxan. Aitor Saraiba artistak estreinatuko du Fatxada egitasmoa, Beste herentzia izeneko obra jarriko baitu gaur bertan. “Eraikinaren kanpoaldea sortzaile garaikideen interbentziorako gune bihurtuko da”. Euskarazko sorkuntzari eta ikuspegi feministari “arreta berezia” eskainiko diotela azaldu du Perezek.

Artxibategi bat ere sortuko dutela azaldu du zuzendariak, “Azkuna zentroan izan den ekoizpen artistiko garaikidea bildu, sailkatu eta ezagutzera emateko”. Memoriaren “bermatzaile” gisa aurkeztu du Perezek proiektua.

Programazioa azpiegituraren zentro guztietara hedatu nahi dute, eta espazioak egokitu egingo dituzte horretarako. Orain arte Jarduera Osagarrien Zentroa zena, Lantegia deituko da orain. “Ideien, sorkuntzaren eta berrikuntzaren laborategia izango da. Esperimentaziorako eta ekoizpen kulturalerako espazioa izango da, berritzailea, artistikoa eta nazioartekoa”. Mediateka ere “berrikusi” egingo dute. Literaturaren “epizentro” bihurtu nahi dutela azaldu du Perezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.