'Altsasuko auzia'

Altsasuko gazteen aldeko elkarretaratzera deitu dute iganderako

Datorren astean berrikusiko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean zortzi gazteen aurkako epaia. "Justizia" eta gazteen askatasuna eskatuko dituzte mobilizazioan.

'Altsasukoak aske' jardunaldietan egindako elkarretaratzea, Iruñean. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko urtarrilaren 17a
14:25
Entzun

Denera, 79 urtera zigortu zituzten Altsasuko (Nafarroa) zortzi gazte —bi urtera zigortu zuten bat, eta bederatzi eta hamahiru urte arteko kondena jaso zuten gainerakoek— Espainiako Auzitegi Nazionalean. Datorren asteazkenean eta ostegunean berrikusiko dute sententzia hori Madrilen, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte Altsasuko Gurasoek eta Entzun Altsasu plataformak, Justizia, askatasuna. Altsasukoak aske lelopean. Igandean elkarretaratzea egingo dute Altsasun, 13:00ean, udaletxe aurrean.

Datorren asteartean, berriz, Altsasu, ferides obertes (Altsasu, irekitako zauriak) dokumentala —Kataluniako TV3ek emitituko du— eta En el laberinto de los dioses (Jainkoen labirintoa) laburmetraia emango dituzte Iortia kultur gunean, 21:30ean. Asteazkenean eta ostegunean, berriz, Madrilera joango dira guraso eta hurbilekoak.

Kartzelaratuek bideo konoferentzia bidez hitz egiteko aukera izango dute. Zaballako espetxean (Araba) dauzkate gaur egun.

Urriaren hasieran, sententzia berrikusi behar duten epaimahaiko epaileak ezesteko eskaera egin zuten sei auzipeturen abokatuek: Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro magistratuek Guardia Zibilaren dominak jaso zituztela-eta, auzia aztertzeko nahikoa inpartzialtasuna ez dutela zeritzon defentsak. Ez zieten eskaera aintzat hartu, ordea, eta gainera, hori "fede txarrez" egitea leporatu ziteen sei auziperaturi. 600 euroko isuna ezarri zien epamahai horixe izango da ekaineko sententzia berrikusiko duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.