Futbola

Xabi Alonso epaituko dute asteartean iruzur fiskalagatik

Espainiako Ogasunak bost urtera arteko zigor eskaera egin du, bere irudi eskubideak Madeirako (Portugal) enpresa baten bitartez kudeatu zituela eta.

Xabi Alonso, Txapeldunen Ligako iazko zozketan. SALVATORE DI NOLFI / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urtarrilaren 18a
09:48
Entzun

Bere irudi eskubideak Madeiran (Portugal) kokaturiko enpresa baten bitartez kudeatu, eta, ustez, horrela, hiru urtez iruzur fiskala egin izana egozten dio Espainiako Ogasunak Xabi Alonsori. Ogasunaren salaketaren arabera, futbolariak bi milioi euroko iruzurra egin zuen 2010, 2011 eta 2012 urteetan. Epaiketa Madrilgo audientzian izango da, asteartean, eta Madrilgo Probintzia Fiskaltzako delitu ekonomikoen sailak bost urtera arteko kartzela eskaera egin du.

Xabi Alonsok Real Madrileko jokalaria zenean egin zuen ustezko iruzurra. Futbolariak 2009an bere irudi eskubideak Madeirako enpresa bati saldu zizkion hark kudea zitzan —Portugalgo uhartea izan arren, legedi ekonomiko propioa du eta paradisu fiskaltzat joa da— . Hasiera batean Madrilgo Instrukzio Epaitegiko 40. salak ez zuen deliturik ikusi, baina epaileak onartu egin du Madrilgo Fiskaltzak erabaki horren aurka jarritako helegitea, eta auzia berriz ere irekitzea erabaki du. AS Espainiako kirol egunkariaren arabera, Alonsok uko egin dio epaitegiarekin negoziatzeari eta epaiketara joko du.

Aste honetan ere auzitegietara iritsiko da Cristiano Ronaldo Alonsoren taldekide ohiaren aurkako epaia. Hark, baina, negoziatu egin du, eta Espainiako Ogasunari 18 milioi euro ordaintzea eta 23 hilabeteko kartzela zigorra onartu du. Aurrekaririk ez duenez, egun Juventus Turingo taldean ari den jokalaria zigor horrekin ez da kartzelan sartuko. Alonsoren kasuak, dena den, antz handiagoa du Javier Mascherano Bartzelonako jokalari ohiarenarekin. Hark Madeirako enpresa baten bitartez kudeatu zituen kirol arropa enpresa ezagun batekin sinaturiko kontratua. 2016an izan zen epaia, eta Mascheranok negoziatu egin zuen, azkenean urtebeteko kartzela zigorra eta 216.000 euroko zigorra onartuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.