FUTBOLA

Xabi Alonsoren aurkako epaiketa, bertan behera

Madrilgo audientziak bertan behera utzi du epaiketa, egotzi zaizkion delituak epaitzeko erantzukizuna duen edo ez zehaztu arte. 

2019ko urtarrilaren 22a
14:04
Entzun

Gaur zen hastekoa, Madrilgo audientzian, Espainiako Ogasunari iruzur fiskala egin izana leporatuta Xabi Alonsori egin beharreko epaiketa. Baina Madrilgo audientziak bertan behera utzi du jokalari ohiaren epaiketa, egotzi zaizkion delituak epaitzeko erantzukizuna duen edo ez zehaztu arte. Aurki jakinaraziko du data berria.

Xabi Alonsok bere errugabetasuna aldarrikatu du epaitegitik irtetean. «Ziur baldin banaiz gauza guztiak ondo egin ditudala, hasieratik kolaboratu dudala eta inoiz ez dudala ezer ezkutatu, defenditu beharra dut, eta justizian konfiantza izan. Horregatik iritsi naiz honaino, eta amaieraraino jarraituko dut borrokan. Kezkatuta egongo nintzateke pentsatuko banu zerbait dudala ezkutatzeko edo zerbait gaizki egin dudala. Baina hala ez denez, aurrera jarraitzen dut. Kasu bakoitza ezberdina da, eta nirea aztertzen ari dira. Kito. Orain zain egon beharra dago».

Bere irudi eskubideak Madeiran (Portugal) kokaturiko enpresa baten bitartez kudeatu eta horrela hiru urtez iruzur fiskala egin izana egotzi dio Espainiako Ogasunak Xabi Alonsori. Espainiako Ogasunak egindako salaketaren arabera, futbolari ohiak bi milioi euroko iruzurra egin zuen 2010., 2011. eta 2012. urteetan. Horregatik, Madrilgo Probintzia Fiskaltzako delitu ekonomikoen sailak bost urterainoko kartzela eskaera egin du.

Xabi Alonsok Real Madrileko jokalaria zenean egin zuen ustezko iruzurra. 2009an, futbolariak Madeirako enpresa bati saldu zizkion bere irudi eskubideak, hark kudea zitzan —Portugalgo uhartea izan arren, legedi ekonomiko propioa du, eta paradisu fiskaltzat joa da—. Hasieran, Madrilgo Instrukzio Epaitegiko 40. Salak ez zuen deliturik ikusi, baina epaileak onartu egin zuen gerora Madrilgo Fiskaltzak erabaki horren aurka jarritako helegitea, eta auzia berriz ere irekitzea erabaki zuen.

Antzeko karguak leporatu dizkiote Real Madrilen Xabi Alonsoren taldekide izandako Cristiano Ronaldori, baina, tolosarrak ez bezala, portugaldarrak akordioa lortu du fiskaltzarekin. Hala, 23 hilabeteko kartzela zigorra eta ia hemeretzi milioi euroko isuna onartu du. Aurrekaririk ez duenez, ez da espetxera joango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.