Katalunia

Gorenak atzera bota du matxinadagatik auzipetutako katalanak aske uzteko eskaria

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du auzipetuen eskaria, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta.

Omniumeko kideak eta abokatuak Jordi Cuixarten defentsa idatzia aurkezten, urtarrilaren 14an. QUIQUE GARCíA, EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urtarrilaren 28a
16:22
Entzun

"Ezaguna da espainiar lurraldetik kanpo botere egitura antolatuak dituztela, auzipetuen zerbitzura jarriak". Argudio hori eman dute Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek matxinadagatik eta diru pubikoa bidegabe erabiltzeagatik auzipetutako buruzagi katalanak preso mantentzeko. Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras auzipetuek egin zuten aske uzteko eskaria, baina atzera bota dute Goreneko epaileek.

Kataluniako prozesuaren auzia epaituko duen mahai berberak hartu du erabakia. Defentsako abokatuek Selahattin Demirtas turkiar politikariaren kasua erabili zuten erreferentzia gisa. Demirtasek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen badaezpadako espetxealdia salatzeko, eta iazko azaroan, arrazoi eman zion Estrasburgoko auzitegiak. Goreneko epaileen ustez, ordea, ezin dira bi kasuak parekatu.

Gorenean epaituko dituztenez gain, Lluis Guino, Lluis Corominas, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide kargugabetuak eta Mireia Boya CUPeko diputatu zena ere auzipetuta daude, desobedientziagatik. Gorenak ebatzi zuen horien kasua Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku uztea.

Epaiketen atarian, #JoAcuso kanpaina jarri du martxan Omnium Cultural elkarteak. Oraindik ez dute epaiketa hasteko eguna zehaztu; bihar jakinaraztea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.