Euskal presoak

Istripua izan dute Jesus Mari Etxeberria presoaren anaiak eta lagun batek

Ostiralean izan zuten ezbeharra, Sevillan (Espainia), Puerto III espetxera bidean. Etxerat elkarteak  elkarretaratzeak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Etxerat-en bozeramaile Urtzi Errazkin eta Patricia Velez. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2019ko urtarrilaren 28a
07:16
Entzun

Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea euskal presoari bisita egitera zihoazela, istripua izan zuten ostiral iluntzean Errenteriako (Gipuzkoa) presoaren anaiak eta lagun batek. Puerto III (Andaluzia, Espainia) kartzelara zihoazen biak —1.050 kilometrora dago Euskal Herritik—.

Etxerat-ek azaldu duenez, A-66 autobidean gertatu zen ezbeharra, Sevillara iristeko 50 bat kilometro falta zitzaizkiela. Haiek heldu baino lehenago gertatutako istripu batekin egin zuten topo, bihurgune baten ondoren: "Errepidearen erdian zegoen kotxea sahiestea lortu zuten, baina eskuinean geldirik zegoen bigarren autoa kolpatu zuten. Zorionez ongi atera ziren biak, baina une arriskutsua bizi izan zuten ondorengo minutuetan; kotxea bultzaka errepide erditik atera behar izan zuten, autobidean zegoen trafiko handiari aurre eginez".

Protestak, gaurtik asteazkenera

Urteko bigarren istripua da ostiralekoa, eta hura salatzeko, mobilizazioak antolatu dituzte euskal preso eta iheslarien senide eta lagunek. Gaur, Iruñean egingo dute protesta, 20:00etan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bihar, Bilbon elkartuko dira, 19:30ean, Arriaga plazan. Asteazkenerako, berriz, Gasteizen (Ama Zuriaren plazan) eta Donostian (Bulebarrean) egin dute deia, 19:00etan.

Ezbehar hau ere "urruntzearen ondorio" dela nabarmendu du Etxerat-ek: "Nori egiten dion mesede dispertsioak eragiten duen oinazeak?".

Urtarrilaren 1ean, Garikoitz Aspiazu euskal presoaren bikotekideak eta 23 hilabeteko semeak ere auto istripu bat izan zuten, Arlesen (Okzitania).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.