Venezuela

Guaidori Venezuelatik irtetea debekatzeko eskatu du fiskaltzak

Maduro soilik "jazarpenarekin eta errepresioarekin" erantzuteko gai dela salatu du Guaidok. AEBek zigor ekonomikoak ezarri dizkiote PDVSA Venezuelako petrolio enpresa publikoari.

Juan Guaido, urtarrilaren 23an bere burua Venezuelako presidente aldarrikatu duen oposizioko parlamentaria, gaur, hedabideei adierazpenak egiten. LEONARDO MUñOZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 29a
21:06
Entzun

Venezuelako fiskal nagusi Terek William Saabek idatzi bat aurkeztu dio herrialdeko Auzitegi Gorenari, Juan Guaidori Venezuelatik irtetea debekatu diezaiola eskatzeko. Fiskaltzak behin-behineko neurri gisa galdegin du debekua, atariko ikerketa baten testuinguruan. Herrialdetik irteten ez uzteko eskariaz gain, Guaidoren ondasunak besterentzeko debekua eta haren kontuen blokeoa ere eskatu ditu.

Saabek argudiatu duenez, Guaidok "aberri venezuelarraren kontrako" ekintza gidatu du, urtarrilaren 23an bere burua herrialdeko presidente aldarrikatu zuenean. Ekintza horren ondorioz, zenbait herrialdek "Venezuelaren ordena konstituzionala" aldatzen duten hainbat "neurri oso larri" eskatu dituztela gaineratu du. Horien artean, kontuen isolatzea.

AEBek jakinarazi dute PDVSA Venezuelako petrolio enpresa publikoaren kontrako neurri ekonomikoak hartu dituela, eta blokeatu egin dituela enpresaren 7.000 milioi dolar enpresaren aktibotan eta 11.000 milioi dolar 2019rako petrolio esportaziotan.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Guaido oposizioko parlamentariak, biek ziurtatu dute gaur herrialdeak atzerrian dituen aktiboen gaineko kontrola dutela. Guaidok azaldu duenez, Venezuelak atzerrian dituen kontuen eskualdatzea eskatu du, "arpilatzea" saihesteko. Gaineratu du prozesu bat abiatu duela PDVSAk AEBetan duen Citgo filialeko zuzendari berriak izendatzeko.

Madurok salatu du AEBek "legez kanpoko" bidea egitea erabaki dutela, Citgo venezuelarrei "lapurtzeko". "Nazio interesak" defendatzeko neurriak iragarri ditu presidenteak.

Fiskal nagusiaren eskariei erantzunez, Guaidok salatu du Maduroren gobernuak "jazarpenarekin eta errepresioarekin" jokatzen dakiela soilik. Ohartarazi du ez duela baztertzen espetxeratua izateko aukera.

40 hildako

NBEren datuen arabera, 40 herritar hil dira Venezuelan azken egunotako protestetan. Horietatik 26 hil dira Venezuelako segurtasun indarren edo Maduroren aldeko taldeen tiroen ondorioz, Rupert Colville NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren esanetan. Atxilotuak 800 baino gehiago izan direla adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.