VENEZUELA

Madurok elkarrizketarako deia berretsi du

Guaido oposizioko buruak deituta, herrialde osoan mobilizazioak egitekoak dira gaur.

Maduro, atzo, base militar batean. EFE
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 30a
07:33
Entzun

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak behin baino gehiagotan adierazi du, krisi politikoa bideratze aldera oposizioarekin batzartzeko prest dagoela. Hori bera jakinarazi du, RIA Novosti Errusiako berri agentziari egindako adierazpenetan: "Prest nago oposizioko sektoreekin eseri eta Venezuelaren hobe beharrez bakeaz eta etorkizunaz hitz egiteko. Agenda irekia dut". Juan Guaido oposizioaren buruak elkarrizketarako dei horiek baztertu izan ditu.

Presidentearen esanetan, hainbat herrialde "zintzoki arduratuta" daude egoerarekin, eta "elkarrizketaren ideia" plazaratu dute. Herrialde horiek dira Mexiko, Uruguai, Bolivia, eta Errusia. Hain zuzen, Sergei Lvrov Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu du Mosku prest dagoela elkarrizketarako baldintzak jartzen "laguntzeko". Gaineratu du balizko elkarrizketen nazioarteko begiraleek "inpartzialak" izan beharko luketela.

Bestalde, EB Europako Batasunak egindako "ultimatumaren eta xantaiaren" kontra mintzatu da Venezuelako presidentea. Izan ere, Madurok "zortzi egunen buruan" hauteskundeetara deitu ezean, Guaido Venezuelako presidentetzat hartuko dutela jakinarazi zuten, joan den larunbatean, Frantziak, Alemaniak, Espainiak eta Erresuma Batuak. "Venezuelan egin dira presidentetzarako hauteskundeak, egon da emaitza bat, eta inperialismoak boz berriak nahi baditu, itxaron dezala 2025era arte", azpimarratu du Madurok.

Gaurko bezala, larunbaterako ere manifestazioak deitu ditu oposizioak, eta EBk emandako epea igandean beteko da. Guaido Asanblea Nazionaleko buruak Venezuelako presidente izendatu zuen bere burua joan den asteazkenean, eta berehala jaso zuen AEBn babesa, baita Latinoamerikako potentziena ere.

AEBk, gainera, Venezuelako Gobernua zigortzen jarraitzen dute. Atzo jakinarazi zutenez, Altxorraren Departamentuak estatuaren PDVSA petrolio enpresa zigortu du. Horrenbestez, enpresak AEBen jurisdikziopean dituen aktiboak izoztu ditu, Venezuelako balizko gobernu berri bati emateko asmoarekin. Horren harira, Madurok salatu du AEBek Venezuelako petrolioak "bereganatu" nahi dutela.

Venezuelako Auzitegi Gorenak, bestalde, Venezuelatik ateratzeko debekua ezarri dio Guaidori, fiskaltzaren eskaerari erantzunez. Joan den asteazkenean bere burua presidente izendatu zuenak, baina, presidente baten gisan jokatzen jarraitzen du. Atzo bertan, Ameriketako hamar herrialdetarako enbaxadoreak izendatu zituen, eta Asanblea Nazionak neurria onartu zuen. Gertatzen dena da ganbera horrek ez duela ahalmen legegilerik. Gorenak «desmen egoeran» izendatu zuen duela hiru urte, hiru diputaturen kargu hartzeak behi-behinean eteteko aginduari kasurik ez ziolako egin. Batzar Konstituziogileak du botere legegilea, eta hori chavisten esku dago.

Guaido armadaren babesaren bila ari da, gainera. Herenegun jakinarazi zuenez, gobernura iritsiz gero Amnistia Legea ezarriko die Maduroren aurka altxatzen diren militarrei. Armadak, baina, "erabateko leialtasuna" eskaini zion presidenteari joan den astean, eta RIA Novosti berri agentziari Madurok berak ziurtatu dio herrialdeko indar armatuek "lezio moral bat" bat emango diotela "iparraldeko inperioari eta Venezuelako eskuin faxistari".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.