'BREXIT'-A

Bruselak ez du akordioa berriro negoziatzeko asmorik

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Corbynekin, Tuskekin, eta Varadkarrekin hitz egitekoa da gaur.

Michel Barnier Bruselan,gaur. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 30a
13:51
Entzun

59 egun falta dira Erresuma Batua EB Europako Batasunetik ateratzeko —martxoaren 29an jarrita dago epemuga—, eta oraindik ere ez dago argi brexit-a zein modutan gauzatuko duten bi aldeek. Komunen Ganberak ez du bat egiten Londresek eta Bruselak joan den azaroan dibortziorako adostutako akordioarekin. Hala erakutsi du azken asteotan egindako osoko bilkuretan. Atzo egindako saioan, gainera, itun hori berriro negoziatzeko eskatu zion Bruselari. 317 alde eta 301 kontra izen zen bozketaren emaitza. Alderdi Kontserbadoreak nahi du Irlandan muga gogorra eragozteko protokoloa "beste adostasun" batekin ordezkatzea, eta Mayren intentzioa da auzi horri buruz EBrekin berriro negoziatzea. Bi aste ditu horretarako. Ez badu lortzen nahi duena, alegia, atzo parlamentuak eskatutakoa, otsailaren 13an adierazpen bat egingo du Komunen Ganberan, eta hurrengo egunean beste mozio bat bozkatuko dute.

Baina Bruselak ez du berriro negoziatzeko asmorik. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak hori nabarmendu zuen, atzo, Erresuma Batuko Parlamentuan bozketa egin eta berehala, eta Michel Barnier EBko brexit-erako negoziazioburuak hori bera berretsi du gaur. Azpimarratu du, gainera du klubeko kide guztiak "bat eginda" daudela. May Tuskekin telefonoz hitz egitekoa da gaur, 16:45ean, baita Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin ere.

Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristako liderrarekin aurrez aurre bilduko da gaur arratsaldean. Mayk asteak zeramatzan Corbyni esaten batzartu beharra zeukatela, eta laboristak onartu du. Izan ere, akordiorik gabeko brexit-a eragoztearen alde bozkatu zuen atzo Komunen Ganberak, —318 alde, eta 310 kontra—, eta, hain zuzen, hori zen, ezer baino lehen, Corbynek ziurtatu nahi zuena. Laboristaren esanetan, Mayk onartu beharra dauka marra gorriak alboratu behar dituela. Eta marra gorririk lodiena da, hain justu, Irlandako mugari eragiten diona, berriro Bruselarekin negoziatu nahi duena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.