Osakidetza

Arartekoak Osakidetzari gomendatu dio epaimahaiak berritzea

"Neutraltasuna eta gardentasuna" bermatzeko hamabi gomendio luzatu dizkio.

Manu Lezartua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoa. ANDONI CANELLADA, FOKU
2019ko urtarrilaren 30a
19:55
Entzun

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan atzemandako irregulartasunak aztertu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoak, eta gaur aurkeztu ditu lan horren ondorioak. Dozena bat gomendio luzatu dizkio Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari, "neutraltasun eta gardentasun" irizpideak bermatzeko Osakidetzaren hurrengo hautaprobetan. Horien artean, berritu ditzala errepikatuko dituen LEPeko azterketetako epaimahaiak.

Horrez gain, Osasun sailari galdegin dio "posible deritzon bezain azkar" hautaproben diseinua epaimahaiaren esku uztea, eta ez diezaiola ardura pertsona bakar bati egokitu. Epaimahaia zozketa bidez aukeratzea proposatu du, "zuzeneko hautaketa" ekidite aldera.

Bestalde, eztabaida ahalik eta zabalena eskatu dio Osakidetzari, hurrengo LEPen hautaprobetan gardentasuna eta neutraltasuna ziurtatzeko zein neurri har daitezkeen hausnartzeko. Foro horrek behin-behineko lanpostuak egonkortzeko beharraz ere jardutea gomendatu du. Lanpostuen egonkortzea "erronka" dela nabarmendu du, eta berehalako neurriak eskatzen dituela gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak eta Osakidetzak ontzat jo dituzte Arartekoaren gomendioak. Gobernuak aurreratu du Arartekoaren eskariak txertatu egingo dituela LEPen hobekutzarako prestatzen ari den proposamenean. Eusko Legebiltzarrak galdegin bezala, apirila baino lehen aurkeztuko du.

EH Bilduren iritziz, Arartekoak "berretsi" egin du errepikatu beharko diren hautaprobetako epaimahaiak berritzeko beharra. Koalizioak nabarmendu du Arartekoaren txostena bat datorrela EH Bilduk defendatu duen jarrerarekin. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogorarazi du EH Bilduk joan den azaroaren 18an aurkeztu zuela Osakidetzako LEP sistema hobetzeko proposamena. Idatzi horretan koalizioak errepikatu beharreko azterketetako epaimahaien berritzea eskatzen du, eta epaimahaiko kideen izendapena zozketa bidez egitea. Hala galdegin du Arartekoak ere, gaur aurkeztu duen txostenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.