Pablo Ibar

Pablo Ibarren kasuan "berehala esku hartzeko" eskatu dio EAJk EBri

Epaimahaikide batek epaileari aitortu dio zenbait mezu idatzi zituela web orri batean, "presioak" jasan zituela esanez. Heriotza zigorraren arriskuaz ohartarazi du Izaskun Bilbao europarlamentariak, eta esku hartzeko eskatu dio Europako Batzordeari.

Pablo Ibar, epaia jakin berritan. GIORGIO VIERA/EFE.
2019ko urtarrilaren 31
09:56
Entzun

Atzo deklaratu zuen epaile aurrean Collins abizendun epaimahaikideak, eta aitortu zuen berak idatzi zituela Interneten auziari buruzko mezuak. Besteak beste, "presio sinestezinak" jaso izana salatu zuen mezu horietan. Ukatu egin zuen, ordea, epaiketaz kanpo auziari buruzko informazioa jaso izana. Defentsak ere galdekatu nahi izan zuen Collins, baina Dennis Bayley epaileak ez zien horretarako baimenik eman, eta haren galderei soilik erantzun zien epaimahaikideak. Orain, epaileak erabaki beharko du epaimahaikide hori kanporatu ala ez; hala egiteko eskatu du fiskaltzak.

Kezkatuta dago defentsa horregatik. Izan ere, otsailaren 25ean hasiko da epaiketaren bigarren zatia. Urtarrilaren 19an, erruduntzat jo zuten Pablo Ibar, eta zer zigor ezarri erabaki behar dute orain: bizi guztiko kartzela, ala heriotza zigorra. Defentsaren iritziz, epaimahaikide hori kanporatuko balute, aukera handiagoa legoke heriotza zigorra ezartzeko.

Heriotza zigorraren arriskuaz ohartarazi du EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaok ere. "Berehala esku hartzeko" eskatu dio Europako Batzordeari: "Europa heriotza zigorrik gabeko lurraldea da, zigor gizagabe eta krudela delako. Horregatik, EBk estrategia bat landu zuen hura herrialde guztietatik ezabatzeko". Estrategia hori gauzatzeko modu bat da, jeltzalearen hitzetan, "hiritar europarrak zigortzen dituzten kasuetan esku hartzea".

1994an, Floridan, klub baten jabea eta klubean lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzi zioten Ibarri. 2000. urtean erruduntzat jo zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. 22 urte daramatza preso; horietako hamabost heriotzaren korridorean, eta beti aldarrikatu du errugabea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.