Pablo Ibar

Epaileak auzitik baztertu du damututako epaimahaikidea

Floridako epaimahai batek hiru lagunen hilketaren errudun jo zuen Pablo Ibar euskal jatorriko estatubatuarra, urtarrilaren 19an. Epaimahaikide batek "presioak" jasan zituela salatu zuen eta erabakiarekin damutu zen.

Pablo Ibar, bere kontrako epaiketan. GIORGIO VIERA, EFE
2019ko urtarrilaren 31
08:46
Entzun

Dennis Bayley epaileak Pablo Ibar epaitzeko epaimahaitik baztertu du, hura errudun jo izanagatik damututa agertu zen epaimahaikidea. Hala jakinarazi du Andres Kakenberger Heriotza Zigorraren Aurkako Elkartearen bozeramaileak.

Epaiketatik baztertu duten epaimahaikideak "presioak" jasan zituela salatu zuen, Ibar errudun jotzeko. Bayleyren aurrean onartu zuenez, webugune batean adierazi zuen "asmo txarrik gabeko bullyinga" jasan zuela "larritasun handiko" auzi batean. Ezizenen babesean egin zituen adierazpen horiek, eta nola jokatu behar zuen galdetu zien webguneko gainerako erabiltzaileei. Epaimahaikide damutuak ukatu egin dio epaileari kanpoko informazioekin "kutsatu" denik.

Fiskaltzak epaimahaikidea auzitik kanpo uztea eskatu zion epaileari, eta hark bat egin du fiskaltzaren jarrerarekin. Defentsak, berriz, epaimahaian parte hartzen jarrai zezala eskatu zuen, ez zuelako auziarekin lotutako informaziorik argitaratu, ezta kanpotik informaziorik jaso ere. Erabakiari helegitea aurkeztuko diola aurreratu du defentsak.

Baztertutako epaimahaikidea epailearekin harremanetan jarri zen duela astebete, Ibar errudun jotzeko erabakiarekin damu zela adierazteko —epaimahaiko 12 kideek ahobatez hartu zuten erabakia—.

Epaimahaikide damutua auzitik kanpo uzteko erabakiak zaildu egin dezake Ibarri bizi arteko zigorra jartzeko aukera. Izan ere, Ibarri heriotza zigorra ala bizi arteko espetxealdia ezarri erabaki behar du epaimahaiak. Aukeretan lehenak derrigorrezkoa du epaimahaikideen erabateko adostasuna. Heriotza zigorra kide guztiek eskatzen ez badute, bizi arteko kartzela zigorra ezarriko zaio Ibarri. Epaimahaiak ahobatez heriotza zigorra eskatuko balu ere, epaileak aukera du zigorra bizi arteko espetxealdira mugatzeko. Hala ere, ez da ohikoa izaten, eta defentsak ez du uste kasu honetan hala gertatzeko aukera handirik dagoenik.

Otsailaren 25ean hasiko da Ibarren kontrako zigorra ebazteko fasea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.