Maravillas gaztetxea

Barkos: "Ezinezkoa da hitz egin nahi ez duenarekin hitz egitea"

Maravillas gaztetxean "bunker bat" prestatzen ari zirela esan du lehendakariak, eta gobernuak uneoro "segurtasunaren alde" jardun duela argudiatu du, Orain Baik eskatutako agerraldi batean. Oposizioak "utzikeriaz" aritzea egotzi die Barkos lehendakariari eta Maria Jose Beaumont Barne kontseilariari.

Barkos eta Beaumont, artxiboko argazkian. IDOIA ZABALETA, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 1a
18:45
Entzun

"Denbora batez bertan egoteko bunker bat prestatzen ari ziren; koltxoiak, ura, walkie-talkie gailuak eta zementuz betetako ontzi bat zeuzkaten, erresistentzia egin ahal izateko". Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek horrela argudiatu du Maravillas gaztetxea husteko erabakia: "Denetarik zegoen han, elkarrizketarako borondatea izan ezik". Nagusiki, "segurtasuna" helburu hartuta aritu direla esan du, "ez bakarrik barruan egon zitezkeen pertsonena, baita bizilagunena eta inguruko eraikinena ere". Hala, elkarrizketaren bidea baztertu izana egotzi die gazteei: "Ezinezkoa da hitz egin nahi ez duenarekin hitz egitea".

"Bunker" horren inguruan aritu da Geroa Bairen eledun Koldo Martinez ere: "Bunker bat zuten, elkarrizketa nahi zutela zioten batzuek, bunker bat. Zulo ere deituko nioke nik", esan du Geroa Baikoak, gazteleraz.

Poliziaren operatiboen inguruan ere aritu da Barkos; "gezurretan" aritzea leporatu die gazteei: "Esan diren gauza asko ez dira egia, adibidez, Foruzaingoak gomazko pilotak erabili zituela, edo leihoetara egin zutela tiro". Ahotsa.info atariaren bideo batean ikusi

Gobernuak kritikak "alde batetik eta aurkakotik" jaso dituela nabarmendu du, eta "zentzuz" jokatzen ahalegindu dela. Hala, gobernuak agindutako txosten teknikoaren emaitzak "erabakigarriak" izan zirela azaldu du.

Araiz, Martinezekin atsekabetuta

Araiz atsekabetuta agertu da, batez ere, Martinezen adierazpenekin: "Esan dituzun gauza batzuk ez zenituen esan behar". Polizia ereduaz hausnartu beharra dagoela adierazi du, eta Iruñeko alkate Joseba Asironen adierazpenak aipatuz, "bukle" batean sartu direla esan du: "Orain, ordea, Rozalejo osteko aro batean gaude". Oposizioari erantzunez —EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren menpe egotea egotzi diote Barkosi UPNk eta PNSk—, Martinezek adierazi du "gobernua bazkideen gainetik" dagoela, eta hori ere aurpegiratu dio EH Bildukoak.

Hala, Alde Zaharreko gazteek espazio autogestionatu bat behar dutela oroitarazi du, eta gobernuari egin dio kritika, husteari buruzko "hainbat txostenen" berri ez dietelako eman oraindik. Espazio autogestionatuak erakundeekin akordioak eginez eraikitzeko eredua babesten dutela azaldu du.

Perez: "Auzi ideologikoa da"

Orain Baiko Laura Perezek gogora ekarri du Maravillas gaztetxekoek egindako txosten teknikoa, eta segurtasunerako arriskurik ez zegoela defendatu du. "Gainera, hori bermatzeko, ez zegoen dena txikitu beharrik". Okupazioaren legezkotasunari buruzkoa baino, gaztetxearena auzi "ideologikoa" dela nabarmendu du Perezek: "Legezkotasunaren izenean astakeria galantzak egin daitezke". Maravillas bezalako egitasmoetan dabiltzan gazteak "instituzionalizazio propioa eta herri boterea" erakitzen ari direla azaldu du: "Guk nahiago ditugu gazte errebeldeak, batzuetan, legearen aurka joan arren".

Okupazio eta auzolana, beraz, zilegi direla Perezek, eta Madrilgo Hogar Social etxearen adibidea jarriz erantun dio Martinezek: "Hau ez da ezker erradikala, hau ez da ezkerra, soilik da erradikala. Eskuin muturra horrela hazten da".

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, berriz, UPNri eta PPri eotzi dio okupa izatea: "Hemen okupa tradizioa norbaitek baldin badu, eskuinak du. Hamarkadetan okupatu dute Nafarroa eta Espainiako Estatu osoa, eta Venezuela ere okupatu nahi dute orain".

Gobernuaren "utzikeria" salatu du oposizioak

UPNko Sergio Sayasek prebarikatzea egotzi dio Perezi, "legez kanpoko okupazioa" zilegi jo duela argudiatuta: "Perezek argi esan du, baina EH Bilduk ere hala pentsatzen du". Sayas: "Ezker abertzale erradikaleko gazteak dira, eraikinak okupatzen ari direnak, gizartearen aurka joateko modu bat delako. Eta gobernuaren konplizitatearekin ari dira".

Atxiloketa guztiak Espainiako Poliziak egindakoak izan direla ekarri du gogora, eta kritikatu du gobernua "utzikeriaz" aritu dela. Gobernuaren "nolako sozioak" dituen hausnartzeko eskatu dio Sayasek Geroa BairI: "Garrantzitsuena gobernuak egiten duena da. Gobernua bere bazkideen gainetik dago".

PSNko Maria Txibiteren hitzetan, "hasieratik ondo egin bazuten, ez ziren hiru okupazio izango": "Kudeaketa politiko oso txarra, bazkideak ez atsekabetzeko, beti bezala".

PPko Ana Beltranek, berriz, Foruzaingoak "etsaia etxean" duela ohartarazi du, Maria Jose Beaumont kontseilaria aipatuz: "Okupa hauek barre egin dizute lehendakari anderea, zeuri eta guri guztioi. Ahal Dugu-ren eta Bilduren lagunak zirelako, ez dituzue molestatu nahi izan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.