Jaka Horiak

Flash-ball jaurtigailuen erabilerari eustea erabaki du Frantziako Estatu Kontseiluak

Epaileek argudiatu dute ezin dela baztertu hurrengo manifestazioetan "indarkeria eta suntsipen ekintzak" gertatzea, eta horrek polizia flas-ball jaurtigailuen gisako armak erabiltzera behartzen duela. "Egoki" jo du horien erabilera.

Frantziako polizia bat flash-ball jaurtigailua erabiltzen, Jaka Horien protesta batean, joa den abenduaren 8an, Parisen. IAN LANGSDON, EFE
2019ko otsailaren 1a
09:47
Entzun

Frantziako Estatu Kontseiluak baztertu egin ditu CGT sindikatuak eta Giza Eskubideen Ligak eginiko eskaria. Joan den asteazkenean, flash-ball jaurtigailuen erabilera bertan behera uztearen beharraz ohartarazi zuten bi eragileek, eta neurri horren aldeko erabakia har zezatela galdegin zieten Estatu Kontseiluko epaileei. Administrazio epaileek, ordea, kontrako jarrera hartu dute. Egoki jo dute LBD defentsarako bola jaurtigailu izenez ezagutzen diren armen erabilera.

Kontseiluaren esanetan, ezinezkoa da ziurtatzea 2018ko azaroaz geroztik Jaka Horien manifestazioetan izan diren "indarkeria eta suntsipen ekintzak" hurrengo manifestazioetan ez direnik gertatuko. Gisa horretako egoerek polizia LBD armak erabiltzera "behartzen" dute, epaileen iritziz. Arma horiek "egokiak" direla gaineratu du Kontseiluak.

Ez datoz bat CGT eta Giza Eskubideen Liga. Beren hitzetan, arma "arriskutsua" da LBDa. Zauri larri ugari eragin dituela salatu dute. Ohartarazi dutenez, Jaka Horien protestak hasi zirenetik, poliziaren indarkeria areagotzen joan da. 

Joan den abenduaren 19an, Miarritzeko Arte Eskolako ikasle bati masailezurra hautsi zion poliziak jaurtitako flas-ball batek, G-7ak Miarritzen egingo duen goi bileraren kontrako manifestazio batean. Baionako gazte batek, berriz, esku bat galdu zuen abenduaren 10ean, Jaka Horiek Bordelen egin zuten protesta batean. Poliziak jaurtitako granada bat lehertu zitzaion eskuan.

Jerome Rodrgiues Jaka Horien bozeramaileetako batek Kontseiluaren erabakia salatu du. Poliziak begia zauritu zion joan den larunbateko mobilizazio batean. "Zauritu gehiago egongo dira, suntsitutako bizitzak, erabat arduragabea da", adierazi du.

Aldiz, Aliantza polizia sindikatuak defendatu egin du Kontseiluaren jarrera. Nabarmendu dute LBD armak ez dutela hiltzeko gaitasunik. "Hura gabe indarkeria erabiltzen dutenak edo manifestariak kontaktu zuzenean egongo lirateke poliziekin eta horrek zauriak sortzeko arrisku handiagoa dakar bi aldeentzako".

Hurrengo larunbateko mobilizazioak —hamabigarrena izango da jarraian— protestetan zauritutakoen omenez egingo dituzte. Datu ofizialen arabera, 1.900 baino gehiago dira, Jaka horien mugimendua piztu zenetik. Laurent Nuñez Barne estatu idazkariak aurreratu du poliziak "tarteko armamentua" erabiliko duela. "LBDa erabiliko dugu, jendea sakabanatzeko granadak, negar egiteko gasa. Gehiegikeriei aurre egiten laguntzen digu, jendea atxilotzen, liskarrak sortzen direnean".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.