Euskal presoak

Gasteizko tranbia geldiarazi dute preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko

Bi lagun Gasteizko tranbiara kateatu dira Eusko Legebiltzarraren pareko geltokian, larriki gaixo dauden presoen egoera salatu eta aske utzi ditzaten galdegiteko. Bihar, hainbat manifestazio egingo dituzte Oier Gomezen heriotzaren harira.

Larriki gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko protestaren ekintzaileetako bat, gaur, Gasteizko tranbian kateatuta. HALA BEDI, @HALABEDI
2019ko otsailaren 1a
09:50
Entzun

Gasteizko tranbia Eusko Legebiltzarreko geltokiaren parera iritsi denean, bi lagun tranbiaren bagoira kateatu dira, eta geldiarazi egin dute. Handik minutu gutxira iritsi dira udaltzainak: tranbiatik askatu dituzte bi ekintzaileak, eta eraman egin dituzte. Hala Bedik adierazi duenez, Ertzaintzak beste hiru lagun ere atxiki ditu, protestarekin lotuta. Identifikatu ondoren, aske utzi dituzte.

Oier Gomezen gasteiztarra hil eta egun gutxira egin dute protesta ekintza; hain justu, larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko biharko manifestazioen bezperan. Gomez minbiziak jota hil zen, joan den larunbatean. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten gaixotasuna, Frantzian preso zela. Hala ere, DPS segurtasun handiko erregimenean atxiki zuen Meauxeko espetxean. Ez zuten aske utzi iazko apirilaren 25era arte. 35 urterekin zendu da.

Bestalde, libre utzi zuten atzo Asier Aginako Etxenagusia euskal preso eria (Durango, Bizkaia, 43 urte), Espainiako Auzitegi Nazionalak hala erabakita. Picassent espetxean zegoen gatibu (Valentzia, Herrialde Katalanak). Gaixotasun larria du Aginakok, eta urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin zioten, abenduan ondoezik sentitu ondoren.

Sarek hiru manifestazio antolatu ditu biharko, Gomezen heriotza dela eta. Larriki gaixo dauden presoak berehala aske uzteko eskatuko du Gasteizen, Donostian eta Galdakaon (Bizkaia). Gasteizen, 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Iparralde gizarte etxetik; Donostian, Alderdi Ederretik irtengo da, 12:00etan, eta Galdakaon, 13:00etan abiatuko da, udaletxe paretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.